argia.eus
INPRIMATU
Luzaideko Bolant Egunean emakumeek jauziak dantzatu dituzte lehen aldiz
  • Bolant Eguna ospatu dute igandean Luzaiden eta, lehen aldiz, emakumeek jauzietan parte hartu dute. Galdeketa egin zuten iazko martxoan eta herritarren gehiengo handiak baietz erantzun zuen.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko apirilaren 18a
Arg.: Eduardo Buxens, Diario de Navarra

Orain arte emakumeek hiru dantzatan baino ez zuten parte hartzen, Martxa, Bolant-dantza eta Lauetan Erdizkan, “neskatoa” paperean. Dantza-jauziak soilik gizonentzat ziren. Aurten, berriz, neskek bost jauzitan parte hartu dute: Egi, Marianak, Ostalerrak, Zazpi Jauziak eta Antxoritz. “Hasteko bost horiek dantzatzea erabaki genuen, modu naturalean sartzeko, eta oso ondo atera da”, azaldu du Ana García Ainciburu dantzariak.

Dantza taldean geroz eta gizon gutxiago egoteak sortu zuen emakumeek dantza guztietan parte hartzeko premia. Iazko martxoan Bolanten Batzordeak herritarrei hitza ematea erabaki zuen eta haiek baietz esan zuten, bozen %75ekin.