Gauza jakina zen Donostiako Arte Ederren eraikinean turismoarekin loturiko negozio bat prestatzen ari zirela, baina sekretua zen atzean nor zegoen. ARGIAk jakin duenez, Hilton hotelen multinazionala da, beren urteko lehen hiruhileko balantze ekonomikoan lerro batean aipatu dutenez. Eraikinaren jabe zen Sade enpresak hamarkada ugaritan ia erortzen utzi ostean, behinola zinema eta Donostiako orfeoiaren egoitza izandako eraikin ikonikoa luxuzko hotel bilakatuko dute.
Lehen hiruhilekoan 211 milioi dolar garbi irabazi dituela nabarmentzen duen txostenak horrela dio hitzez hitz bigarren orrian:
Hiruhileko honetan abian jarri diren bi eskaintza nabarmentzen dira, Curio Collection Hilton markapean. Hauek dira: Ekuadorren Royal Palm Galapagos, eta Donostian Arte Ederren Jauregia.
1914an eraikitako eraikin ikonikoa, horrenbestez, hiriak galduko duen ondarearen parte bilakatzear da. Bere garaian esan zuten 84 logela eta lurpeko parking robotizatua izango duela. Sade enpresak dena eraitsi du kanpoko fatxada izan ezik, eta adierazi dute horren singularra zuen kupula berreraikiko diotela.
Protesta ugari izan dira eraikina hotel bilakatzearen aurka. Ondare arkitektonikoaren aldeko Ancora elkarteak eta hiriko beste hainbat taldek sinadura bilketa eta mobilizazioak egin zituzten, eta Arte Ederren eraikina botatzea "marra gorria zeharkatzea" zela adierazi zuten. ICOMOS sareak "nazioarteko alarma" jo zuen eraikin hau suntsitzearen aurka.
Eneko Goia Donostiako alkate denetik, 50 dira ireki edo onartu dituzten hotelak hirian.
Duela sei urte, Donostiaren elitizazioa azeleratzen ari da erreportajean jorratu genuen gerora nabarmen geratu den prozesu hau hirian izaten ari den eragina.