argia.eus
INPRIMATU
Lurzorua, ondare bizia

Xabier Arana Eiguren 2023ko urriaren 10

Lurzorua ekosistemen balioen, funtzioen zein zerbitzuen natura ondarea da, ura eta airea diren bezalaxe. Hala ere, milioika tona lurzoru higatzen eta itsasoratzen da urtero Euskal Herrian. Lurzoru hori sortzeko ehunka edo milaka urte behar izan dira, baina erraz galtzen uzten dugu estalki bizi hori. Alde batetik, urbanizatu edo ezabatu egin delako porlan edo asfalto pean (lurraldearen %10 inguru, alegia); bestetik, higatu egiten delako. Izan ere, malda handiko arloak biluzik uzten dira basogintzaren zikloaren baitan, landarerik gabe; bestetik, haranetako hesiak, arboladiak eta bestelako elementu babesleak desagertzen doaz, haizeari bide librea ematen. Amaitzeko, ibai eta errekatako arboladia mehetuta dagoelako –“ilarako basoa” diote–, desagertu ez denean egoerarik okerrenean.

Lurzorua geodibertsitate ondarearen zutabe ahaztu ezina da. Bestetik, biosferako estalki bizitzat aldarrikatu behar da. Biodibertsitatez eta bizidunez osatutako habitat aparta da; lehorreko ekosistemen ezinbesteko geruza edafikoa. Gainera, lurzorua karbono biltegi nagusitarikoa da. Etorkizun motza du epe laburrerako euskarri edo oinarri produktibo soil gisa ikuskatzen duenak.

Zuhaitzak lurzorua behar du; arrainak ura behar du. Baina gure paisaia menditsu eta malkartsuan mendi-lepoak biluzik ikusi ohi ditugu, landaredi guztia ezabatuta

Zuhaitzak lurzorua behar du; arrainak ura behar du. Baina gure paisaia menditsu eta malkartsuan mendi-lepoak biluzik ikusi ohi ditugu, landaredi guztia ezabatuta, zorua goldatuta haragi bizian, lurzoruz gabetuta; eta pisten orbanak dira nonahi. Klima aldaketak eurite handiak sarriago eragiten ditu ja; datorren eszenatokian, mendi nahiz arroetan ur arrapalada bortitzagoak eragingo eta hauspotuko ditu muturreko meteorologiak.

Bilboko Areatzako zubitik Ibaizabal ibaiari begira zaudenean ekaitzaren ostean, ura barik basatza kolada ikusten duzu. Basoaren oinak higatu dira eta arroa zeharkatzen du Kantauri itsasoa kolore nabarrez tindatzeko. Luma nabar hori Urdaibaiko kostaldean ere ikusiko duzu, Izaro irla besarkatu ostean Ogoño paretik baitoa Gipuzkoako uretan zabaldu arte. Urumeako, Oriako eta Aturriko bokaletan, sedimentu luma nabarmenak berdin sortzen dira. Horrenbestez, arroen “lurzorustea”, Euskal Herriko ibai eta estuario guztietan gertatzen eta behatzen da.

Euskal Hiria metafora ederra da, baina bisioa edo helburua ez da izan behar lurralde osoa hiri bihurtzea. Alderantziz, hiriak lurraldeari so egin behar dio, eta bere ekosistema naturalak eta landa-paisaiak babestu eta sustatu behar ditu: baso, lantzar, landazabal nahiz ibai eta hezegune bizidunak. Lurraldeak eta bere ekosistemek balio eta zerbitzu anitzak eskainiko dituzte, baina horretarako lurzorua irmoki babestu behar da.

Xabier Arana Eiguren, Biologia Zientzietan lizentziatua