argia.eus
INPRIMATU
Lurzaindiak Zuberoan beste baserri bat erosteko kanpaina abiatu du
  • Lurzaindia diru bilketa kanpaina batekin Arrokiagako Eskanda etxaldeaz jabetuko da, Anne Lavis laborariari lan tresna atxikitzea ahalbidetzeko. Gazteen instalatzeko tresna balin bada Lurzaindia, aspaldiagotik laborari direneri ere laguntza ekartzen ahal die.

Etxalde 2017ko urriaren 30a
Anne Lavisek 50 ahuntz hazten ditu Arrokiagako 'Eskanda' etxaldean, esne eta gaztatarako. (Argazkia: Lurzaindia)

 Arrokiagako Eskanda etxaldean instalatua da Anne Lavis 2006az geroz. Lurrak, ahunztegia eta etxea ez dira bereak, alokatzen ditu. Jaz, etxaldearen jabeak saltzeko erabakia hartu zuen bat batean bainan Anne Lavis-ek ez zuen ahal ekonomikorik aski dena erosteko. Lurzaindiari dei egin zion eta, negoziatu ondoren, jabeak onartu zuen etxe bizitza laborariari saltzea eta lurrak eta ahuntztegia Lurzaindiari saltzea. Oraindik goiti, laborariak  Lurzaindiari alokatuko dio lan tresna. Bere helburua segituz, Lurzaindiak merkatutik betiko aterako du lurra eta laborantxarako soilik baliatuko dela segurtatuko du. «Ez nuen dirurik aski etxaldearen erosteko.  Ene lan tresna bainan ere ene bizia  hor da, Eskandan, eta ez nuen hortik joan nahi. Lurzaindiari esker, ene ofizioa segitzen ahal dut», adierazi du Anne Lavisek Lurzaindiak eman prentsaurrekoan.

Etxaldeak 26 hektarea ditu, horietarik 5 ha soilik mekanikoki lantzen ahal direnak. Sortzez Belgikarra da Anne Lavis. Laborantxako formakuntza ipar Euskal Herrian (Etxarrin) egin ondoren, Eskandan instalatzeko aukera izan zuen eta geroztik ahuntz hazkuntza eraman du, 50 ahuntzen esnea gasnatzen duela eta zuzenki saltzen, laborantxa ekolojikoan eta Idoki marka pean.

Lurrak eta ahuntztegia erosi ahal izaiteko, kanpaina berria abiatu du Lurzaindiak. 72 000 euro bildu behar ditu Xiberoako etxaldeaz jabetzeko. Deia zabaldu du oraiko akziodunek diru gehiago emaiteko eta jende berriari Lurzaindian inbertitzeko. Argitasunak atxeman ditaizke lurzaindia.eu webgunean. «Urte bukaera aintzin nahi ginuke diru hori bildu, jakinez Lurzaindiaren beharrak hori baino ainitzez haundiagoak direla, beste lur batzuren erosteko galdea baita eta ere lan anti-espekulatiboa eramaiteko », adierazi du Marie-Claire Leurgorry Xiberoko laborari eta Lurzaindiako arduradunak.

Dagoeneko 374 hektarearen jabe da Lurzaindia, 29 laborariren eskutan direnak Ipar Euskal Herriko xoko guzietan. Jaz bi etxalde erosi zituen, hiru gazteren instalatzeko, Arüen eta Ainharben (Xiberoan).

Ahuntzak barrutian "Eskanda" baserriaren pentzeetan, Arrokiagan.
(Argazkia: Lurzaindia)