argia.eus
INPRIMATU
Lurzaindiak lehen baserria erosiko du Gipuzkoan, Ezkio-Itsasoko Hariztizabal mitikoa
  • Gipuzkoako nekazaritza ekologikoan aitzindarietakoa izan den Hariztizabal baserriaren transmisioa bermatuko du Lurzaindiak, jende artean bildutako diruz haren jabe egin eta baserritar gazteei errentan utziz.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko azaroaren 27a
Hariztizabal baserriak 11 hektarea lur dauzka, horietatik 2,2 sasoi betean dauden sagarrondoz osatuak.

ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak Gaur8.eus asterokoan plazaratzen duen orrian 2015eko abenduan jakinarazi zuen Ezkio-Itsasoko Hariztizabal baserriari segida bilatzen zebiltzala Mailu Gardoki eta Xabi Akizu bere jabeak. Baserria bezala nekazari eta ekintzaile bikotea oso ezagunak dira Hego Euskal Herriko laborantza ekologikoaren munduan egin duten aitzindari lanagatik eta baita inguruan egokitu zaizkien beste hainbat arazotan (AHTak beren herrian eragindako hondamendia ez da txikiena) erakutsitako konpromisoagatik.

Azkenean, Gardoki eta Akizu baserriaren transmisioari dagokionean ere aitzindari izango direla dirudi, Lurzaindia sartuko delako haiek 1979an erosi eta beren eskuekin berreraikitako Hariztizabal nekazaritzako etxalde izaten jarrai dezan bermatzeko operazioan . Lurzaindiak bere 3175 akziodunek aurreratutako diruarekin urteotan 20 etxalde erosi ditu Iparraldean (374 hektarea lur eta guzti) horiek 29 baserritar gazteei eskaintzeko errentan, nekazaritzaren iraupena bermatuz.

Ezkio-Itsasoko Hariztizabalen jabe ere Lurzaindia egingo da, ENEEKek jakinarazi duenez. Orain laborari gazte ekintzaileen zain dagoen Hariztizabal baserria bera 350 metro karratuko bi solairukoa da eta etxebizitza prest dago bertan bizi izateko. Osotara, 11 hektarea dauzka eta horietatik 2,2 hektarea fruta ekoizpen betean daude, batez ere sagastia. Frutarentzat kamara ere badu. Sei hektareako basoa eta beste hainbat nekazaritza jardueratarako aukera ematen duten sail batzuk ere baditu (txerriak, baratza, hegaztiak…). Okindegi bat martxan dauka eta bertan baserriko ogi ekologikoa egiteko tresneria guztia dago eskura (errota, bahea, labea, eta abar).