argia.eus
INPRIMATU
Lurzaindiak 400.000 euro bildu nahi ditu Ainharben eta Arüen bi etxalde erosteko
  • Lurzaindia elkarteak diru bilketa kanpaina hasi du hiru baserritar gazterentzat bi etxalde erosteko, biak ere Zuberoan, Laborari astekariak zabaldu duenez. Uda baino lehen iritsi nahi du 400.000 euro biltzera, Amila Abou-Antoun hasi dadin antolatzen bere behi saila Arüen eta Johane Foirien eta Lutxo Herrerak egonkortu dezaten Ainharben beren artaldea.

ARGIA @argia 2016ko martxoaren 15
Lurzaindiaren 2016rako proiektuen aurkezpenean, aurrean ezkerretik hasita Amila Abou-Antoun, Johane Foirien eta Lutxo Herrera. (Argazkia: Laborari)

Arüen 25 hektareako baserria utzi behar zuen erretretara iristean baserritar batek. Lurzaindiak kontaktaturik, Hazparneko Amila Abou-Antoun interesatu da behin hazkuntzan berezitako baserria bere gain hartzeko. Eskuratuko dituen soro eta larreek emango diote asko belar eta arto behi sail bat mantenduz esnekiak ekoiztu eta zekorrak haragitarako saltzeko. 135.000 euro inbertituko ditu Lurzaindiak lur eta behitegien erosketan.

2016ko bigarren operazio handia izango da Ainharben: Leizeaga etxaldea erosiko du bere 46 hektarearekin, operazioan inbertituz 205.000 euro. Leizeagak muga egiten du Iparraldeko baserritarren borroketan sinbolikoa den Kako etxaldearekin. Johane Foirienek eta haren bikotekide Lutxo Herrerak hartu nahi dute haren aita orain arte maizter aritutako baserriaren segida, ardien hazkuntzan aritzeko.

Nekazaritzako lurrak espekulazioen atzaparretatik zaindu eta laborantzan hasi nahi duten gazteentzat erosten saiatzen den Lurzaindiak 400.000 euro bildu nahi ditu maiatzaren 31erako. Euro bateko akzio bidez biltzen du dirua Lurzaindiak, gutxienez hogei euro inbertitu behar direlarik, beren webgunean azaltzen dituzten hainbat maneratan. Dirua gutxienez bost urtez bertan uztea eskatzen da, erakundeak finantza aldetik lasaitasunez funtzionatu ahal izateko eta baserritar gazteak instalatu daitezen inbertsio berriei ekin ahal izateko.