argia.eus
INPRIMATU
Lurzaindia sortu dute laborantza lurrak espekulaziotik babesteko
  • Lurzaindia sortu dute laborantza lurrak espekulaziotik babestu eta mantentzeko, GFAM Lurrako kideek orain arteko SCA egitura deseginda Kazeta.infok zabaldu duenez.

Josu Urtubia @otxua 2013ko urtarrilaren 24a
Lurzaindiaren aurkezpeneko argazkia. (irudia:Kazeta.info)

Egitasmo hau ELB sindikatua, Arrapitz Federazioa, Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta Euskal Herriko inter AMAP elkarteek sustatu dute. Hala ere, funts propioen bidez egingo du lan. Azarorako 350.000 euro biltzeko asmoa dute eta horiek lortzeko dei egin diete erakunde, elkarte eta norbanakoei. Akzio bakoitzak euro bat balioko du eta gutxienez 20 euroko ekarpena egin beharko litzateke.

Helburua “elikatzen gaituen ama lurra ondasun kolektiboa bilakatzea eta espekulazioaren merkatutik ateratzea” da. Gaur egunean landa-lurren salmentan gero eta gehiagotan ematen diren “gehiegikeriak” ekiditea dute helburu.

Bere eginkizuna kolektiboki erositako lurrak alokatzea izango da. Alokairuan ematerako garaian irizpide zehatz batzuk bete beharko dira. Laborari berriei eman nahi die lehentasuna eta laborantza herrikoiarekin bat egiten duten egitasmoak bultzatzea dute helburu. Aurrera begira, proiektu kolektiboak sustatzeko asmoa dute hiri guneetan.

Lurzaindiarekin lortu nahi dena laborantza eremuen galera azkarra moteltzea da. Hego Euskal Herrian azken hamar urteetan laborarien laurdena galdu da. Aldiz, Ipar Euskal Herrian eraikuntza eta urbanizazioen ondorioz 1.000 hektarea baino gehiago galdu dira. Honek dakarren ondorio bat, “elikagai eskasia eta elikadura burujabetza zalantzan egotea da”.