Salmentaz arduratzen den notarioaren egoitzaren aitzinean elkartu dira 50 bat herritar, ELBk, Lurzaindiak eta Bidarraiko herriko etxeak deiturik. Notarioarekin hitzordua lorturik, ondokoa segurtatu die: salmenta horren segipena utziko du notarioak, baldin eta saltzaileak ez badu adostasunik lortzen ELBrekin, Lurzaindiarekin eta herriko etxearekin.
Geroz eta gehiago dira laborantza lurrez jabetzeko aberatsek asmaturiko bideak. Tartean dugu ondasunaren gaineko jabetza erostea, baina lurren gozamenik gabekoa. Gisa horretara, laborantza lurren kudeaketaz arduratzen den SAFER egiturak duen lehentasunez erosteko eskubidearen gainetik pasatzeko bidea badaukate. "Jukutria" arriskutsua ELBren eta Lurzaindiaren iritziz, laborantza lurren desagerpena dakarrelako.
Bidarrain dugu jakina den azken adibidea: bide hori baliatuz saldu dira hamazazpi hektarea 90.000 euroan. Salmenta aitzina joaten balitz, eremu horren gozamena Lurzaindiak edota herriko etxeak izatea eskatzen dute lurraren defentsan dabiltzan bi egitura horiek eta hori laborantza aktibitatea bermatzeko gisan. Hala ere, lehentasunez galdetzen dutena da salmenta espekulatzaile hori ezeztatzea. Notarioak segurtatu die afera horretatik aterako dela datorren astean ez bada bi aldeen arteko adostasunik lortzen. Hori horrela baikorki baloratu dute bilera salmenta deuseztatu nahian dabiltzan ELBk, Lurzaindiak eta Bidarraiko herriko etxeak. Heldu den asterako nahi dute beste bilera bat saltzailearen, herriko etxearen, sindikatuaren eta Lurzaindiaren artean, eta hori notarioaren egoitzan. Bilera horren eskaera luzatu dio notarioak saltzaileari gutun bidez.
Berrogeita hamar bat herritar batu ziren notarioaren bulegoaren aitzinean ostegun honetan. Ez zuten bulegora sartzea lortu, Poliziak bidea mozturik, baina ordezkaritza batekin batzea onartu zuen notarioak. Lurzaindiako Dominique Amestoy eta ELBko Martin Lemairekin batera, sindikatu horretako Frantxoa Mocho, baita hainbat auzapez –tartean Bidarraikoa, Jean-Michel Antxordoki–.