argia.eus
INPRIMATU
‘Lurrez estali’, laborarien errealitatea oholtzara eramango duen Axut! kolektiboaren obra berria
  • Izurako Latsaga zalditokian egingo dituzte emanaldi guztiak, hamar saio, maiatzaren 31tik ekainaren 16a bitartean. Ximun Fuchsek idatzitako obrak "ikuspegi integratzaile eta kolaboratiboa" du oinarrian, landa eremuko lurraldearen lekukotasunak bildu eta "tokiko komunitatea eta tradizioak elkartzea" duelako xede.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko maiatzaren 20a

Ehorzketa bat izango du abiapuntuan antzerkiaren istorioak. Nafarroa Behereko herrixka batean kokatuko da, uda betean. Ezkila, kabala eta zakurren zaunka giroan, mendien artean, leporaino zorpeturik dagoen etxalde zaharkitu batean, hain justu. Zorrak kitatzeko ahaleginak eta bi egingo ditu baserriko seme zaharrenak. Aita alargunari, zaharminez jana eta burutik ahul, alkoholak lagunduko dio egunerokoari heltzen. Arreba etorriko da haur eta senarrarekin uda pasatzera, zinegotzi kargua duen udalerritik etxaldera, bere sustraien bila eta familiari ahal bezala laguntzera. Ahizpa gazteago bat ere badute, zirtzilkerietan dabilena, idazle grina handikoa. Auzotar zaharrak, hiritik landa eremura salto egin duten bizilagun berriak, aurreiritzi ugari dituztenak... eta maizter bat ere egongo da tartean; dirua patrikan, baserria berrerostea helburu.

"Lurra, lurreko jendea, laborariak, gure kulturaren muinean daude. Laborariek antzerkian guti aipatzen diren eta oholtzetan guti ikusten diren jakintza eta jokabideak dituzte". Horrela hasten da Lurrez estali antzerki-obraren manifestua. Laborarien errealitatea islatuko du Axut! kolektiboaren obra berriak: "Lur bat ukaitearen zailtasuna erran (etxebizitzen prezioek laborantza-lurrak erosezin bihurtu baitituzte); lana, lotsa, umilazioa erran; eta jatorriaren harrotasuna, kabalak erran; eta lurraren kultura erran".

"Lana da egiatasunaren giltza", argiki dio Axut! kolektiboak: "Laborarien herena txirotasunak harrapatzen du, eta bi egunero nekazari batek bere buruaz beste egiten du. Munduko lanik ederrena dela erraiten bada ere, ezinbesteko ofizioa bada ere, eta gure kulturaren ohantzea baldin bada ere, zergatik ez diogu begietara begiratzen?".

Lan taldean gauzatu den sorkuntza

Landa eremuko jendearekin tratu estua egin du Axut! kolektiboak obra honetan. Haiengana gerturatu dira, eta haiek parte hartze zuzena dute antzerkian. Izan ere, zenbaitzuk oholtza partekatuko dute aktore profesionalekin; elkarlanaren eta kolaborazioaren adierazle. Antzerkilari taldearen hitzetan, ikusezin bilakatu diren gorputz eta arimak ikusgarri izanen dira espazio publikoan eta beraien intimitaterik zintzoena erakutsita.

Emanaldi guztiak Izurako Latsaga zalditokian eginen dira. Maiatzaren 31n lehena, ostiralez; eta ekainaren 16an azkena, igandez. Bitarte horretan, beste zortzi emanaldi: ekainaren 1ean, 2an, 4an, 7an, 8an, 9an, 14an eta 15ean.

Saio oro iluntzeko 20:30ean izanen da. Lekuak mugatuak direnez, erreserbak helbide elektronikora egiteko eskatu dute: tokiak@axut.eus.

ZUZENDARITZA: Ximun Fuchs

IDAZKERA: Ximun Fuchs

AKTOREAK: Ramon Agirre, Amaia Arbeletche, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Ximun Fuchs, Xumai Gorostiaga, Arantxa Hirigoyen, Maitexa Iriarte, Jean-Marie Irigoin, Miren Tirapu, Iñaki Ziarrusta, Oier Zuñiga.

ESZENOGRAFIA: Latsagako jauregia

JANTZIAK: Iasone Parada

KOREOGRAFOA: Philippe Ducou

ARGIZTAPEN DISEINUA ETA TEKNIKA: David Bernués, Danel Bernués, Iñaki Ziarrusta.

SOINU DISEINUA: Philippe Barandiaran

BIDEO SORKUNTZA ETA ARGAZKIAK: Eñaut Castagnet

DISEINU GRAFIKOA: Oier Zuñiga

EKOIZPENA: Iasone Parada, Argi Perurena

MEDIAZIOA: Arantxa Hirigoyen

KANPO BEGIRADA: Ander Lipus

LAGUNTZAILEAK: Irantzu Azpeitia, Txomin eta Hélène Fuchs, Daniel Arbeletche, Artedrama, Hirigune elkargoko teknikariak, EHZ.