argia.eus
INPRIMATU
Sasiaingo Baratza
Lurretik eta lurrarekin errespetuz lanean
  • 2015ean abiatu zuten Sasiaingo Baratza proiektua Abaltzisketan. Garbiñe Arregi Ormaetxea Sasiaingo kideak urtebete egin zuen Irlandan nekazaritza ekologikoarekin lotutako proiektuetan boluntario eta langile, eta han hartutako esperientzia eta ezagutzak hona ekarri eta nekazaritzatik bizitzeko erronkari ekitea erabaki zuen. “Lurretik bizitzea eta elikadura osasuntsu bat eskaintzea da proiektuaren helburua, gertutasuna oinarri hartuta”, azaldu du.

Garazi Zabaleta 2020ko urriaren 01

Hasieratik zuen argi bestelako nekazaritza eredu baten alde egin nahi zuela: gertukoa, txikia eta ekologikoa. Permakulturaren inguruko ikastaro batean Arabako Sustraiak Habitat Design kooperatiba ezagutu zuen, eta haien laguntzarekin hainbat aldaketa egin zituen proiektua martxan jarri eta bi urtera: “Nirea bezalako proiektuak laguntzen dituzte, eta haien aholkularitza izan genuen: proiektuaren diseinu aterrazatua egin ziguten beraiek, eta permakultura teknikak ikasten ere aritu ginen”.

Baratzean aritzen dira batez ere Sasiango kideak, eta inguruko kontsumo taldeetan saltzen dituzte beraien produktuak. Baina barazkiez gain, baso jangarria eta animaliak ere badituzte: ardiak, behorra eta ahuntzak. Arrautzak eta sagar zukua ere saltzen dituzte.  “Frente asko ditut irekiak eta jendearen beharra dago, baina beti eduki dut inguruko jendearen kolaborazioa eta boluntarioak ere hartzen hasi nintzen duela bi urte”. Bera Irlandan aritu bezala, baserriko lanetan laguntzen diote woofer boluntarioek orain (loaren eta mantenuaren truke denboraldi batez lan egiten dute wooferrek). Ematen dioten laguntzaz gain, kanpoko jendearekin hartu-emana izateko eta haiengandik ikasteko ere balio diola kontatu du.

Bestelako ekimenak eta auzolanak

Sendabelarren munduarekin harremana duen biologo batekin elkarlanean dabil proiekuko kidea azken aldian, eta berarekin hainbat tailer egitea planteatzen ari da. Horrez gainera, parte hartzen duen kontsumo taldeko jendearekin eta inguruko lagunekin auzolanak ere egin izan ditu Sasiainen: “Negutegia handitzen aritu ginenean, esaterako, herriko jendeak eta bizilagunek asko lagundu ziguten, eta gure inguruan egiten diren beste auzolanetan parte hartzen saiatzen gara”.

Koronabirusaren krisiak eragindako kalte guztiekin batera, bere alde ona ere eduki duela uste du, jendartea gertuko kontsumoaren garrantziaz pixkanaka jabetzen hasteko balio izan duelako: “Badirudi gertukoari eta kimikorik gabe ekoitzitakoari pixkanaka balore handiagoa ematen zaiola”.