Eztabaida ezker abertzalearen baitan. Sortu da ezker abertzalearen alderdi politikoa, eta 3. Kongresua iragarri du. Kongresurako txostena aurkeztu den unean gertatu da ustekabea: Herrigaia izenekoa aurkeztu du oraingo zuzendaritzak, eztabaida guztia txosten ofizial honetatik bideratzeko asmotan. Baina beste txosten bat agertu da eztabaidarako, Lurrari lotuz, militante talde zabal batek prestatua, azken hau oso kritikoa zuzendaritzak azken bost urteetan hartutako bidearekin, eta bide alternatiboa proposatzen duena. Egoera hau berez da interesgarria, alderdien demokraziari zuzeneko apelazioa egiten diolako, militantziak izan behar duen erabaki-ahalmena eta indarrean den zuzendaritza kritikatu eta are aldatzeko aukera erreala plazaratzen dituelako. Zuzendaritzak okerreko bidea hartzen duenean, bada aukerarik okerrak zuzendu eta beste bide bat hartzeko?
Galdera larri hauek mahai gainean zirela sartu da ezker abertzalea Kongresurako eztabaida fasean. Lurrari Lotuz txostenaren defendatzaileek nahikoa lan izan dute beste txostenarekin berdintasuneko tratua lortzen herriz herri eta bileraz bilera, baina hasi da eztabaida eta aurkeztu dira militanteen aurrean proposamenak eta kritikak, alde bietatik. Hau berau ere oso interesgarria bere horretan, ezker abertzalearen azken urteetako praktika politikoa osotasunean aztertu, epaitu eta zuzenketak burutzeko aukera ematen duelako. Lehen eztabaida balantzean kokatu da: ezker abertzalea trantsizio arrakastatsua burutzen ari da une honetan, batez ere EH Bildu eta EH Bairen eraikuntza eta indartzea oinarri hartuta, Herrigaia-k dioen moduan? Edo, aldiz, azken hamarkada luzean ezker abertzalearen estrategia lausotu egin da, prozesu independentista bera impasse egoeran murgildu, eta Estatu espainiarrari aukera eskaini zaio krisi instituzionala eta lurralde arrakala konpon ditzan, aliantza politika erratuaren ondorioz? Hauxe baita Lurrari Lotuz txostenaren iritzia. Ez du ikusten Herrigaia-k aurkezten duen balantze baikorregia zertan oinarritzen den, are Herrigaia-k berak idazten duenean txostenean bertan honako hau: “Euskal Herria, ordea, herri gisa mehatxu eta ahulezia gune handien pean iritsi da une honetara”. Balantze baikorregi baten kontradikzioak.
Hemendik aurrerako bidea nola egin, hori da sakoneko bigarren eztabaida, eta horretan txosten ofizialak oraingo instituzioetako lana eta hauteskunde emaitzak jartzen ditu indar metaketaren erdigunean: “Prozesu soberanistak behar du gehiengo sozial bat, maila elektoral eta instituzionalean adieraziko dena”. Baina Lurrari Lotuz txostenetik argi erantzuten dute: “Hegemonia instituzionalarekin ez da boterea lortuko”. Herri boterea antolatzea da, orduan, proposamen alternatiboa, instituzionalizazio berria sortuz.
Era horretako gai mamitsuak plazaratzen direnean, ezin ukatu eztabaida oso interesgarria dela ezker abertzalean egunotan garatzen ari dena. Baina ezin ahaztu, oraindik orain, Kongresu baterako eztabaiden eremuan kokatzen garela. Ze berme daukagu eztabaida horietan militanteen artean nagusi gertatzen diren tesiak gero praktika politikora aldatuko direla pentsatzeko? Hau ere galdera pisuduna da, zalantzarik gabe. Ezker abertzaleko militanteak ahaldundu beharko dira, eta lurrari lotuz jokatu. Baina horretarako omen dira kongresuak.