argia.eus
INPRIMATU
HERZ
Lurrari lotuta, patatak bezala
IƱigo Satrustegi @InigoSa 2024ko urriaren 11

HERZ

Nork: Madame Señorita (Paula Sáenz de Valluerca)
Noiz: Irailaren 29an.
Non: Nafarroako Antzerki Eskolan (Iruñea).

---------------------------------------------

Heldu da herrira Madame Señorita. Ais. Ospea, fama eta sona sinonimoak dira eta denak dira andre honen izenondo. Ulertuko duzue nire posizioan ezin naizela hemen geratu. Baina gauza asko ditu kontatzeko, eta ezin helikopteroan igo dabil. Oholtza berea da eta soinean daraman jantzi arrosa eta purpurina paseatzen ditu. Begira nazazue zeinen ospetsua naizen, eta zeinen ongi kantatzen dudan. Begira nazazue, nire prakak izarrak bezain distiratsuak dira, ni ere izar bat naiz. Begira nazazue ze harroputz mugitzen naizen, famatuak bezala. Bye-bye.

Juan Carlos publiko artean dago, bere bikotekide ohia-edo. Juan Carlos, hemen zaude? Nolatan? Kontatu digu herritik alde egin behar izan zuela patata-zelai artean bizitzeak barruak ustelduko zizkiolako. Amak ez zuen begi onez ikusi. Ikusleen artean lehen lerrokoari eman dio amaren rola. Janis Joplinen biopic-a grabatzen ari da, eskerrak aitari, ihes egiteko patrika bete zionari. Tarteka bere talentuetako batzuk erakutsi dizkigu, dohainik: dantza, kantua, gitarra.

Bigarren kantu bat eskaini digu, baina gure kiratsetik babesteko plastikoa jantzi du. Hemen hasi da dena. Publikoarekin sartzen hasi da kondoiaren azpian. Gizon bat limurtzen hasi da, gero eta gertuago, eta gertuago. Gizonaren erantzuna izan da onena: eskimalen musu bat eman dio. Bai, sudurrak elkarri igurtzi dizkiote, eta bitartean gizon horren emaztea negarrez, baina irriaren irriz. Morreo bat ere eman dute, plastikoa tarteko.

Oholtzara itzuli da Madame. Erakutsi dizkigu urteotan guztiotan egindako lanen lagin batzuk. Klimaxa nahi zuen, zerbait epikoa, herritarrei ulertarazi zergatik egin zuen ihes: talentua da Madame. Aurreskua lagun baten txistuaren laguntzarekin, opera kantatu, Almodovarren nesketako bat, Fernanda (ez Bernarda) Alba ama alargun aspergarria gero dementore bihurtuta. Baina klimaxaren bila beti funtzionatzen duen hori egin du: kulerotan geratu, titiak igurtzi, mitxelinak dantzan jarri.

Azkenerako onartu digu, ez dela hainbesterako. Ez dela hain ospetsu, famatu, sonatu. Haur bat daukala, eta lasaitasuna nahi duela. Erakutsi dizkigun talentu guztiak bai, egin dituela, baina tira, purpurina pixka bat jarri diela istorioei. Lotsatuta tapatu da, eta aitortu du agian itzuli nahi duela, lurrari lotu, patata bat bezala, eta agian, usteltzea ez dela hain plan kaxkarra.