argia.eus
INPRIMATU
Lurraren trenpu onak zurina ere badakar
  • Egun luzeetako argitasun eder honek uraza edo letxuga (Lactuca sativa) jateko gogoa bizitzen du. Aurten egun horiek eguraldi lehor eta beroen atzetik etorri dira, eta lurra giro dago, trenpu ona du, azaro ona da. Azaro da bai udazkenean ganbara-zabal, aletegi, selauru eta mandio beteko dizkiguten arto (Zea mays), babarrun (Phaseolus vulgaris) eta kuiak (Cucurbita pepo) ereiteko. Garaia, hazi aro da eta lurrak ere azaro ona du. Ereingiro dago eta alor eta soroetan igerri zaio; ongarriketak, ipularren garbiketak, lur prestaketak eta abar egiten jendea aurrera eta atzera dabil traktore gainean.

Jakoba Errekondo 2021eko maiatzaren 06a

Baratzean ere jendea ez dabil atzera. Giroak bizituta jateko gogoa dugun uraza horiek landatzen, adibidez. Lur axala pittin bat harrotzea nahikoa da uraza landarettoa landatzeko. Aurrez ondo luartutako edo ondutako simaurra nahasi axal horretan eta landatutakoan asun-urarekin (Urtica dioica) ureztatu. Uraza sailak jartzea ondo dago baina baratzean makina bat txoko eta bazterretan ere landatu daitezke barazki txiki horiek. Leka (Phaseolus vulgaris), zainzuri (Asparagus officinalis), tomate (Solanum lycopersicum), piper (Capsicum annuum), alberjinia (Solanum melongena) eta antzekoen sailetan, landarea txikia den artean, tartean ere landatu daiteke uraza eta beste horiek luzatu eta handitu bitartean ederki etorriko dira eta guk lepoa moztu eta jan.

Urazak badu aurkari iaio bat: zurina. Oidioa edo zurina landare askotan onddo askok sortzen duten gaitza da. Urazarena Golovinomyces cichoracearum onddoaren lana da. Horrek berak sortzen du patataren (Solanum tuberosum) eta kuien (Cucurbita spp.) zurina. Hezetasun handiko eta gori epeleko garaietan harrotzen da gaitza. Negutegian edo berotegian du pagotxa. Udaberria ikaragarri gustatzen zaio, urazari bezala. Ez dute maite bero lehorra. Onddoa hostoaren gainean hedatzen da, eta ez dio hari bere lana egiten uzten, denborarekin usteldurak eta orbainak sortuz.

Gaitzari aurre egiteko landare arteko tartea handitu, 30 cm adibidez. Negutegia bada, ondo aireberritu. Kontuz ureztaketarekin, gehiegizko urak beti gaitza ekarriko du, beti. Ongarriketa egiterakoan oso ondo luartutako ongarria eta tamainan erabili; bestela nitrogeno soberaniak urazaren hazkunde azkarra ekarriko du, eta ahulegi; gaitzarentzako bazka ederra. Erasorik baldin badago jotako landareak ahalik eta azkarren kendu, gupidarik gabe!  Gogoan izan astauraza (basaletxuga, letxuga basa, ortuari garratz, belar karats...), Lactuca serriola, uraza guztien amon arbasoa, baratzearen inguruan baldin baduzu berak mantenduko duela gaitza. Beraz zure urazak sano nahi badituzu bere arbasoa hiltzea duzu onena. Gure etxean behintzat ugaria da batean eta bestean, edozein txokotan sortzen da. Jan ere jan egin daiteke: urazaren mikaztasuna badu, baina min xamarra. Urazak hazi artean ere entsalada grina asetzeko...