argia.eus
INPRIMATU
Lurraren defentsan topaketak eta manifestazioa deitu ditu EH Bizirikek larunbata honetan Azpeitian
  • Lurraren defentsan Euskal Herria Bizirik sareak manifestazioa deitu du apirilaren 13 arratsaldeko 18:00etan Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari erasotzen dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Goizean gaiari lotutako hainbat tailer eta mahai-inguru egingo dituzte. Euskal Herriko 70 eragilek baino gehiagok egin dute bat deialdiarekin.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2024ko apirilaren 08a
Euskal Herria Bizirik taldea aurkeztu eta Azpeitiko manifestazioa iragarri zuten eguneko irudia, Gasteizen. Argazkia: Dos por dos.

"Natur ingurumenaren suntsipenak ez du etenik, eta makroproiektu eoliko nahiz fotovoltaiko erraldoien ezarpenarekin gobernuek bultzatzen duten trantsizio energetiko korporatiboak krisi ekologiko eta sozialera eraman gaituen eredu desarrollista berberan sakontzen du", salatu du EH Bizirikek. Hala irakur daiteke ehunka herritarrek sinatu duten Megaproiektu berriztagarrien egungo hedapenaren aurka eta bizitzaren alde manifestuan: "Elite ekonomiko baten pribilegioak iraunarazten diren aldi berean, konponbide faltsuak eskaintzen dizkigute, egiazko konponbideek beharko luketena onartu gabe: oligarkia energetikoa erabat auzitan jartzea, hazkunde ekonomikoaren aginduarekin haustea, gure eredu produktibo eta energetikoa erabat eraldatzea, eta gure lurraldeen demokratizazioan sakontzea".

Azpeitian egingo dituzte topaketak eta manifestazioa, "Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo mendi-lurretan Statkraft enpresa multinazionalak ezarri nahi duen zentral eolikoaren egitasmoa gelditzeko Sañu Bizirik taldea egiten ari den borrokarekiko sostengu osoa adierazteko".

Egun osoko topaketak

Goizeko 9:45ean herriko plazan harrera egin ondoren, 10:00etan lau tailer hauek egongo dira zabalik: "Trantsizio energetiko korporatiboa eta megaproiektuak", "Krisi ekosozialaren testuinguruan agroekologiatik ekarpenak", "Euskal feminismoa lurraren defentsan eta "Bioaniztasunaren galera: kausak eta ondorioak".

12:00etan mahai-ingurua izango da Azoka Plazako aretoan, Aragoi eta Galiziako esperientziak ezagutzeko: Aragoiko Plataforma de defensa del territorio Cincovillas eta Galiziako Ecoloxistas Galicia Atlantica e Verde taldeek hartuko dute parte.

14:30ean bazkaria izango da (erreserba egiteko telefonoa: 676767516).

18:00etan manifestazioa abiatuko da herriko plazatik.

Egun osoan zehar ikusgai egongo da Hamaika erakusketa artistikoa Sanagustin kulturgunean, lurraldearen defentsan Euskal Herriko 11 ilustratzailek egindako lanak biltzen dituena.

Manifestazioak oraingoz bildu dituen atxikimenduak

Orain arte 40 eragile baino gehiagok egin du bat manifestazio deialdiarekin.

Nazio mailako hauek: Euskal Herriko Bilgune Feminista, EH Kontseilu Sozialista, EHKOlektiboa, Antikapitalistak, Sare Antifaxista, Askapena, Steilas, ESK eta Jardun.

Herrialde mailako beste hauek: Ostia taldea, CNT Gasteiz, Aleka, Zadorra Bizirik Elkartea, Hontza Ekartea, Bionekazariza, Biolur, Egurra eta Kandela baserritar ekintza, UAGA, NEE (Nafarroako energia eraldatzen), AHT Gelditu Nafarroa eta Gipuzkoako mendi taldea.

Eta tokian tokiko eragile hauek: Erdiz Bizirik; Aroztak Herri Ekimena; Guggenheim Urdaibai Stop; Interkonexio elektrikorik ez; Otxantegi Herri Lurra; Donostialdea, Oarsoaldea eta Bidasoaldeko AHTren kontrako herri/ ekimenak; BaSOS elkartea; Aramaixoko Talde Feminista; Artea Sarea; Basoa (Defendatzaileon Etxea); Errekaleor; Azpeitiko gaztetxie; Zestoako gaztetxea; Orbeko Etxe autogestionatua; Lamingorriak; Araba Bizirik; Andatza Ezkeltzu Bizirik; Karakate Bizirik; Malerreka Bizirik; Larramendiko Arnasa; Haize Berriak; Aiaraldeko Mendiak Bizirik; Mendietan eolikorik ez! (Barakaldo); Oletan ere ez!; Errezil Bizirik; Sañu Bizirik; Enkarterrin makroeolikorik ez!; Makatzak Arratiako Ekologistak; Agiro Mendi Taldea; Anaitasua Mendi Taldea; Matxinkorta Mendi Taldea; Orkatzak Mendi Taldea; Mendiko Lagunak Mendi Taldea; Lagun Onak; Sokaitz; Makatzak Arratiako ekologistak; Amalur Aguraingo Natura Elkartea; Aroztak Herri Ekimena; Arauntzariders; Aguraingo Garbiketako Boluntarioak; Juaristi enpresako langileak; Lasao auzokoak; Txillarramendi auzo elkartea; Hondarpe Groseko Auzo Elkartea; Azkoitia Bai herri plataforma; Birika Permakultura; Eguzkiola eta Orbain kultur taldea.