Gerard Darmanin Barne ministroak aurkeztu du dekretua Ministroen Kontseiluaren aitzinean. "Aurrekari larritzat" jo du eragile sozial, ekologista eta politiko andanak. Erabakia epaitegira eramanen duela argi utzi du Lurraren Altxamenduak sareak.
Iazko urrian "ekoterroristatzat" jo eta martxoan jakitera eman zuen taldea desegiteko prozeduraren berri Frantziako Barne ministro Gerard Darmaninek. Ekainaren 21 honetan aurkeztu du dekretua Ministroen Kontseiluaren aurrean, Emmanuel Macron presidenteak horretara bultzaturik. "Indarkeriaren erabilpena ez da legitimoa zuzenbide estatuan, eta hori dugu zigortu", izan dira gobernuaren bozeramaile Olivier Veranen hitzak Ministroen Kontseilutik ateratzerakoan.
Mugimendu ekologistaren aurkako eraso larritzat jo dute eragile anitzek: Confederation Paysanne nekazari sindikatuak, Solidaires sindikatuak, Extinction Rebellion kolektibo ekologistak, Reporterre komunikabide independenteak, ingurumenaren zaintzan dabilen Agir pour l´environnement, NPA alderdi politikoak eta hainbat norbanakok ere… 2021ean sortua, gaur egun ehun bat eragile eta kolektibo batzen dituen sare ekologista da Lurraren Altxamenduak. Hori horrela mugimendu ekologista zabalaren aurkako erasoa da dekretu hori. 111.600 bat herritarrek ere dute izenpetu sarearen parte izendatzen dituen manifestua.
Dekretua ezeztatzeko asmoz epaitegira joko duela jakitera eman du Lurraren Altxamenduak-ek.
Oraingoz, 90 elkarretaratze dira asteazken gau honetako finkaturik, Frantziako Estatu guzian barna. Besteak beste, Ostia sareak jarri du hitzordua Baionan: 19:00etan Suprefetura aitzinean. "Desegite horrek aurrekari arriskutsua sortzen du, gobernuaren lerratze autoritarioan, atzera bueltarik gabeko puntu batean gaude", Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren eta lurraren gaineko espekulazioaren aurka borrokan dabilen sare horren arabera.
Sarearen desegitearen bezperan burutu du Frantziako Poliziak Lurraren Altxamenduak-en aurkako bigarren sarekada. Hemezortzi lagun dituzte atxiloturik eta hainbat iturrik errandakoari segi, Sainte-Soline herriko megabassine edo uraska erraldoien aurkako martxoko manifestazioari edota Lafarge hormigoi ekoizlearen aurkako ekintzei lotuak dira atxiloketak. Parisen, Marsellan eta Notre-Dame-Des-Landes-eko ZAD gunean burutu dute polizia operazioa. Ekainaren 5ean atxilotu zituzten beste hamabost bat lagun –tartean bi euskaldun–. Azkenean, kargurik gabe aske utzi zituzten guziak, lau egunez galdekatu ondoren.
Lurraren Altxamenduak mugimenduaz Poliziak eraman ikerketa plazaratu zuen apirilean Mediapart-ek. "Abilezia", "perfektuki jositako komunikazioa" ala "liluratzeko gaitasuna"... hots, loreak; besterik ez da ageri txostenean. Eraginkorra eta iraultzailea den mugimendu berri hori trabagarria zaio Frantziako Gobernuari. Hortik aztertu behar dira Sainte-Solineko edo asteburu honetan Lyon-Turrin autobidearen aurkako manifestazioan bideratu neurrigabeko errepresioa eta ekainaren 21ean mugimendua desegiteko emandako urratsa. Poliziaren txosten horri eta bere errepresioari bideratu genien Borroka-bide eraginkorrak asmatzen dabilen Lurraren Altxamenduak hats gabe utzi nahi luke Frantziako Estatuak erreportajea 2823. ARGIAn.