Asteartean Frantziako Gobernuak lurraren defentsaren aldeko kolektiboa desegitea erabaki du, eta horren aurka Baionako hainbat lagun mobilizatu dira “oinarrizko askatasunen eta demokraziaren kontrako eraso larria” salatzeko.
Sainte-Solineko gatazkatik bi hilabetera erabaki du Frantziako Gobernuak Lurraren Altxamendua taldea desegitea. Horren aurka, kolektiboak esan du Estatu Kontseiluan helegitea aurkeztuko duela. Baionatik kanpo, Frantzia osoan egin dira Gobernuaren erabakiaren aurkako mobilizazioak.
Kazetak jaso ditu Ostia sarearen hitzak, Baionako mobilizazioaren antolatzailea: “Desegite horrek aurrekari arriskutsu bat sortzen du gobernuaren lerratze autoritarioan, atzera bueltarik gabeko puntu bat”. Nazio Batuen Erakundeak Frantziako Poliziaren bortizkeria, militantzia ekologikoaren kriminalizazioa eta orden publikoa indarrez mantentzea salatu du, eta horren aurrean “gobernuak errepresioa azkartzea” hautatu duela dio sareak.
Ekainaren 15ean hamabost militante ekologista atxilotu zituzten, eta 21ean hemezortzi, Lafarge enpresaren kontrako ekintzaren harira. Militante ekologistak “ekoterrorista” izendatu dituztela salatu dute Baionako mobilizazioan, eta atxilotuak askatzeko eskatu dute.
Desegiteko aginduaren aurka helegitea aurkeztuko du Estatu Kontseiluan Lurraren Altxamenduak: “Erabaki zentzugabe hori baliogabetzeko garaipen judiziala lortzeko aukeran sinesten dugu, azken urteotan arrazoi politikoengatik izandako beste disoluzio batzuekin gertatu den bezala”. Aginduak ez duela "oinarri sendorik” eta mugimendu "horizontala" izanik ezin dela "desegin” adierazi du Ainhoa Pascual abokatuen elkargoari atxikitutako abokatuak AFP agentziari.