argia.eus
INPRIMATU
Lurrama bertan behera geratu da eta EHLGren kanpaina ekonomikoan parte hartzeko deia egin dute
  • Azaroaren 13tik 15era egitekoa zen 2020ko Lurrama bertan behera uztea erabaki du Euskal Herriko Laborantza Ganbarak: "Apiriletik formula desberdinak landu ditugu, suprefeturaren gomendioen arabera egokituz, bainan ezin dugu bururaino joan. Hamaboskarren edizioa berezia izanen zela bagenekien, bainan ez zela eginen ez genuen sinetsi nahi". Aurtengo gaia lelo honek biltzen zuen: "Biharko mundua gaurko hautua" eta azaroaren 14an bideo bat zabalduko dute adituen lekukotasuna jasotzeko. Laborantza Ganbararen kanpaina ekonomikoan parte hartzera dei egin dute, "Lurramari esker, EHLGk hainbat proiektu hausnartu eta gauzatu ahal dituelako urtero".

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 03a

"Biharko mundua gaurko hautua" zuen goiburu 2020ko Lurramak. Antolatzaileen hitzetan, "jorratu nahi genituen gaiak, sekulan baino gehiago gure gogoetan dira, eta itxiladi honetan biziko dugunak berriz erakutsiko digu bide onera ez goazela. Gizartean galdera hauek zabaldu nahi eta behar ditugu. Gure gaurko aukera guziek eragina dute, orain has gaitezen desberdinki kontsumitzen, kalitatezko eta hemengo mozkinak erosiz! Tokiko laborariak defenda ditzagun eta sustenga ditzagun, orain itxialdian, eta bihar!". Antolatua zuten hitzaldi zikloak gai hauek jorratzen zituen: berlokalizazioa, elikadura burujabetza, eta mikrobioen inguruan hausnarketa bat.

Arazoaren 14an bideoa zabalduko dute

Hitzaldi ziklorik ezingo dute egin, baina adituen eta laborarien ekarpenak herritarrekin partekatzeko, bideo bat zabalduko du Lurramak bere webgunean azaroaren 14an, goizeko 11etan:Dominique Bourg, Marc-André Sélosse, Aurélie Trouvé eta Nicolas Girod-ek bideo batean haien lekukotasuna eskainiko dute.

Euskal Herriko Laborantza Ganbarari ekarpen ekonomikoa egiteko deia

Lurrama sustengatu nahi duten guztiei dei egin diete antolatzaileek Euskal Herriko Laborantza Ganbararen kanpainan parte har dezaten, "Lurramari esker, EHLGk hainbat proiektu hausnartu eta gauzatu ahal duelako urtero". Hemen dago ekarpen ekonomikoa egiteko aukera.