Azaroaren 8, 9 eta 10ean iraganen da Lurrama, Miarritzeko Irati erakustazokan. Duela 14 urte Euskal Herriko Laborantza Ganbarak sortua, nekazaritza herrikoiaren erakuslehio izan nahi du. Urte guziz bezala, hiru egunez, besta giroan, Euskal Herriko iparraldeko laborantza eta elikadura izanen dira erdigunean. Etxe ekoizleen azoka, hitzaldiak, bazkari eta afariak, haurren xoko handi bat, lekuko kabale arrazen erakusketa eta beste hainbat gauza atzemanen dituzte bisitariek. Lurrama, baserri munduko jendea eta hiritarrak elkartuz, urtero 600 laguntzaileri esker antolatzen den ekitaldia da.
Klimaren erronka garrantzia handikoa gaur egun, etorkizuneko belaunaldien bizitza baldintzatzen duelako. Horregatik Lurramak Slow Food erakundearen "Klima, Bizia da" leloa bereganatu du 2019ko tematika eginez. Laborantza herrikoiak kliman, elikaduran eta osasunean dituen eragin baikorrak azaldu nahi ditugu eta argira eraman lekuan lekuko jokatuz, ikuspegi zabalago bat elikatzen dugula. Gaur egun, klima aldaketa gizartearen kezka nagusietariko bat delarik, parada dugu gai horren inguruan aditu ospetsuen errezibitzea.
Slow Food elkarteko lehendakari Piero Sardo eta IPCC klima aldaketari buruzko gobernu arteko taldeko ko-lehendakari den Valérie Masson Delmotte ikerlaria izanen dira edizio honetako gazaita eta gazama [aita-ponteko eta ama-pontekoa]. "Klima eta bioaniztasuna, gure elikadura jokoan?" izenburuarekin hitzaldi bat emanen digute, ostiralean, goizeko 11etan (itzulpena euskarara segurtatua).
Klima aldaketak eragin zuzenak ditu laborantzan, bai eta laborantza modeloek eragina klimarengan. Larunbatarekin, arratsaldeko 3 etan, Euskal Herriko bost etxaldek aurkeztuko dizkigute egunerokoan klimaren alde eramaiten dituzten lan moldeak. Salmenta zuzena, ekoizpenen aniztasuna, autonomia, lurraren lantzeko teknikak, mekanizazioaren mugatzea... Egiten direnak aintzinean emanez, inspirazio iturri izan daitezke beste etxaldeentzat. Hitzaldi hau euskaraz eta frantsesez emana izanen denetz, bi hizkuntzetan itzulpena segurtatua izanen da.
Laborantza eredua, elikadura burujabetza, klima aldaketaren erronka, publiko zabalari nahi dizkiogu gogoetakeragin. Haurrak, gazteak, biharko eta gaurko laborariak eta sukaldariak, herritarrak, eragileak, publiko bakotxarentzat dauzkagu hitzordu eta proposamenak.
Urtero eskualde bat gomitatua da Lurramarat, aurten Nafartarrak hiru egunez aintzinean emanak izanen dira. EHNE-Nafarroa eta INTIArekin eskuz esku antolatu dugu aurtengo alea. Nafarroako laborariek etxe ekoizpenak salduko dituzte azokan, kabalen gunean, zonbait behor, behi eta ardi arraza izanen dira ikusgai, ostiraleko bazkari eta afarian Nafarroako ekoizpenak sukaldatuko dira eta dantzari eta musikari Nafartarrek giroa alaituko dute. Publikoari beti gustatzen zaio merkatuan ekoizpen berrien atxemaitea eta laborarientzat aberasgarria izaiten da elkarren arteko trukaketa eta ezagutzaren hobetzea.
Lurrama besta egiteko parada izaiten da jendearentzat eta gastonomia lekua ere.Hiru egunez lekuko eta kalitatezko ekoizpenekin sukaldatuak dira ostatuetan salgai diren guziak, bai eta ere bazkari eta afari tematikoak. Arno ostatua, garagardo ostatua, kontzertuak, besta ederra da Lurrama! Zuek ere etorri Euskal Herriko laborari eta herritarren arteko topagunerat!
Egitarau osoa eta informazio gehiago www.lurrama.org webgunean.