argia.eus
INPRIMATU
Lurrama: arrakasta mahainean
  • Besta giroak du arrakasta gehiena ukan Lurraman. Aurtengo edizioa kausitua izan da nahiz jende gutixago ibili den egunaz ostiralean eta larunbatean. Apairuak eta igandeko egunak zinez jendetsuak izan dira aldiz.

Laborari 2013ko urriaren 24a
"Josie Riffaud (ezkerrean), Via Campesinako kidea, aurtengo edizioko gazama, Maryse Cachenaut-ren (mikrofonoan) ondoan" (Argazkia: Laborari)

Lurraren zaintzea zen lema nagusia aurten eta hitz ainitz izan dira laborantxaren zaintzearen alde. Aurtengo Lurramak gai inportanta mahain gainean ezarri du eta hor ziren guziek, hautetsiak barne, antolatzaileen argumentuak baieztatu dituzte. Hitzak obrez segituko direnez ez dakigu bainan gaiaren zabaltzeko balio izan du Biarritzeko saloinak.

Mintzaldi desberdinak hor ziren lekuko. Ostirale aratsaldean, Safer-ako eta EPFL-ko (Etablissement Public Foncier Local) ordezkariek adierazi dute lur galtzearen eta prezio azkarren kontra jokatzeko nahikeria badela beren egituretan, ahalak eskas badira ere batzutan. Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen duen lur kutxa nola ibiltzen den esplikatua izan da : lurra erabiltzen ez duten jabeak, instalatzeko nahian diren laborariekin harremanetan ezartzen dituzte, azken hauen artean hautaketa eginez.

Lurzaindiaren lanaren goresteko parada desberdinak eskaini dira, lehena idekitze egunean berean. Alabainan, hitzaldien abiatzean, bi xeka emanak izan dira Lurzaindiari, bi partaideen eskutik: Herrikoak 75.000 eurokoa eta Terre de Liens elkarteak 50.000 eurokoa.

Aro ederrak jendea kanporat erakarri duelako udazkenaz goxatzeko, jende gutixago ibili da Lurramako erakusmahainen artean ostiralean eta larunbatean egunez. Nahiz ostiraleko egunak betiko arrakasta ukan duen eskolekin : 3.000 bat haur ibili da tailerretan eta bisitan. Arrastiria heltzean aldiz, mahainean jartzeko gutiziarekin edo giro goxoaz baliatzeko, jendea ez zen falta. Arratseko apairuak eta igandeko bazkariak bete dira. Antolatzaileak kontent agertu dira saloina bururatzean.

Gasna lehiaketa Lurramako gasna lehiaketak 50 gasnaz goiti ezarri ditu jastatzaileen esku eta ahotan. Usaian bezala, hiru kategorietan sailkatuak ziren. Huna irabazleak :

Bortuko gasna:

1. Pantxo Etxeberri, Apatesaro (Garazi)

2. Gaec Sempere, Elusaro (Garazi)

3. Yann Vaugon, Lesarregatia (Ahüzki)

Etxe gasna:

1. Gaec Artzainak, Bastida

2. Alexis Heguiaphal, Sohüta

3. Gaec Iruleia, Buztintze

Esnetegiak:

1. CLPB

2. Onetik

3. Azkorria