argia.eus
INPRIMATU
Lurrama 9 Miarritzen, famili nekazaritza maite dutenen bilgune nagusia
  • Ostiralean hasirik igandea arte luzatuko da Miarritzeko Irati gelan Lurrama azoka eta Familia Laborantza izango du gai nagusia. Savoia izango da herrialde gonbidatua. Hiru egunotan Miarritzeko Irati azokagunean (aireportuaren ondoan) merkatua, bazkariak, erakusketak eta hitzaldiak izanen dira. Aurten, gainera, kanpoan instalaturik dago karpa bertan laborantzan erabili daitekeen tresna berriak aurkezteko. Aurtengo edizioari goiburutzat "Familien Laborantza herrikoia" ipini diote, laborantza hau zehazki zer den, zein oztopo eta zein aterabide izaten ahal dituen esplikatuko du Lurramak. Savoiako herria izanen da heldu den edizioko gonbidatua. (Ikus Lurramaren egitaraua osorik).

ARGIA @argia 2014ko azaroaren 13a
Lurramaren afixa

Mixel Berhokoirigoin nekazari ezagunak azaldu duenez, "laborantza mota honek bermatzen du, munduan zehar dauden 500 milioitik gora etxalderekin, munduak kontsumitzen dituen elikagaien %80". Gainera, munduko populazioaren %45i ematen dio bizibidea. Baina, aldi berean, Lurramaren antolatzaileek nabarmendu dute gure artean familen barruan laborantza transmisioa nozitzen ari den ezintasun handia: "Duela gutxi jakina izan zen Xiberoak 122 etxalde galdu zituela hamar urteetan. Erretreta hartzen duten laborariek lurrak auzoei utzi eta soilik etxaldeak saltzen dituztelako". Alderantzizko albisteak ere izaten dira, zorionez, adinagatik eskuz aldatzea eskatzen duten baserrietako batzuek lortzen baitute aurrera jarraitzea ingurutik bezala urrundik, sarritan hiritik, etorritako gazteen indarrez.

Iaz Bretainia izan zen bezala aurten Alpe inguruetako Savoia eskualdea izango da Lurramako konbidatua. Savoiatik etorritako 50 bat laborarik hango errealitatea ezagutaraziko dute, beren produktuak erakutsiz, mendiko laborantzaren inguruan duten ezagutza eta eginmoldeak esplikatuz, eta abar.

 Lurramaren 9. edizioaren gazaita edo aitapontekoa Valentin Beauval agronomo aditua izango da.