argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta hizkuntza gaia lantzeko online ikastaroa doan
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEUk eta Asmoz Fundazioak antolatu dute Hizkuntza eta Lurraldea, oinarriak, erronkak eta praktika On line Ikastaro Ireki Masiboa (MOOC). Doan da matrikulazioa eta dagoeneko 100 partehartzaile daude. Lurralde antolaketak, eraikuntza-proiektuek, hizkuntza erabileran nola eragiten duten hausnartuko dute ikastaroan.

ARGIA @argia 2014ko ekainaren 03a
Oihana Sanzbero, Zigor Etxeburua, Iñaki Alegria, Unai Fernandez de Betoño aurkezpen egunean. Argazkia: UEU

Batez ere, soziolinguista, euskara teknikari eta elkarteetako langileei bideratuta dago. Urtarrilean antolatutako Lurraldea eta Hizkuntza I. Jardunaldien ondorengo pausoa da ikastaroa. Euskarari estuki lotuta lana egiten dutenei zuzenduta dago bereziki, baina diziplina arteko gaia denez, bestelako hainbat aditurentzat ere interesekoa izan daiteke, hala nola, geografoentzat, arkitektoentzat, hirigileentzat eta legelarientzat.

Irakasleak ondokoak izango dira: Iñigo Urrutia EHUko irakaslea; Jose Ignacio Cubero, Zuzenbidean doktorea; Miren Segurola UEMAko koordinatzailea; eta Unai Fernandez de Betoño arkitektoa. Ikastaroaren aurkezpenean (ekainak 2) Fernandez de Betoñok ondoko hitzak esan zituen: “Euskararen biziberritzerako hirigintzaren aldagaia ere kontuan hartu behar delakoan gaude, azken finean antolakuntza fisiko espazialak (erabakitzen duena non egiten dugun lo, non egiten dugun lan, non disfrutatzen dugun aisiaz edo nola mugitzen garen leku batetik bestera), eragin izugarria duelako gizartearen dinamika guztietan, dinamika soziolinguistikoak barne. Urtarrilean jendearen kuriositatea piztea lortu genuen, baina gure helburua ez da bakarrik hori. Gaiaren azterketari jarraitutasuna eman nahi diogu, eta ikastaro honek beste urrats bat ematen lagunduko digu, arazoa gizarteratze aldera”.

Informazio gehiago: Lurraldea eta Hizkuntza I. Jardunaldietan oinarritutako erreportajea ARGIAn (2014-04-06, 2410. zenb.)