argia.eus
INPRIMATU
Katalunian izaera askea hartu duten udalerrien kontra ari da Espainia
  • “Izaera askea” hartu duten 79 udalerri katalanen aurka egingo du Espainiako Estatuak datozen asteetan Europa Pressek adierazi duenez. Gironan hartu dituzte lehen neurriak irailean onartu zen mozio baten aurka.

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2012ko abenduaren 26a
Celráko (Girona) udaletxean jarritako bandera katalanak, mozioa onartu ondoren

79 udalerrik “lurralde katalan askea” izateko mozioak babestu dituzte irailetik hona. Celráko (Girona) udaletxean esaterako, bandera katalana eta estelada soilik ipintzea erabaki zuten, baita lanegun bilakatuko zituztela urriaren 12a (Hispanitatearen eguna) eta abenduaren 6a (Espainiar Konstituzioaren eguna). Aurreko astean mozio horien aurkako helegite administratiboa aurkeztu zuen Espainiako Abokatutzak eta beste 78 udalerrien kontrako erabakiak hartuko dituela jakinarazi du Europa Pressek.

Sant Pere de Torellók (Bartzelona) izan zen "lurralde askearen izaera" hartu zuen lehena, independentziaren apustua indartzeko asmoz. Hizkuntza katalanaren aurkako legeak deuseztatzeko helburua dute eta ogasun, justizia, banku nazional eta administrazio zibil propioa izateko eskatu diote Parlamentuari. Hiru hilabetetan 78 lurraldek jarraitu diote. Horien artean daude zenbait eskualdeetako hiriburuak; Valls, Vilafranca, Ripoll, Tortosa eta Penedés, besteak beste.