Libertés et Territoires taldeko hemeretzi diputatuk aurkezturiko lurralde hizkuntzen aldeko lege proposamena eztabaidatuko dute diputatuek. Oinarrizko testua Legebiltzarreko kultura batzordeak anitz murrizturik, gehiengoak alde bozkatuz gero ere aldaketa handirik ez luke ekarriko testuak.
Frantziako Estatuko hizkuntza gutxituak aipagai ukanen dituzte gaur Frantziako Legebiltzarrean. Hain zuzen, Libertés et Territoires taldeko hemeretzi diputatuk aurkezturiko lurralde hizkuntzen aldeko lege proposamena eztabaidatuko dute diputatuek. Abenduaren 30ean aurkeztu zuten hizkuntza gutxituen aldeko testu hori.
Bederatzi artikuluz osaturiko oinarrizko proposamenak murrizketa anitz jasan behar izan ditu Legebiltzarreko kultura batzordearen partetik. Hiru arlo jorratzen zituen hasierako testuak: lurralde hizkuntzak ondare gisa hartzearena, irakaskuntza eta lurralde hizkuntzen erabilera zerbitzu publikoetan (seinaletikan eta estatu zibileko aktetan). Kultura batzordeak bederatzi artikuluetatik zazpi kendurik, aldaketa eta berritasun handirik ez du ekarriko lege-proposamenak. Euskal konfederazioak ondokoa deitoratzen du: “Lurralde hizkuntzen irakaskuntza, promozioa eta garapena nola lagunduak liratekeen ez du zehazten atxikiriko lehen artikuluak eta bigarrenak, jadanik ongi garatua den seinaletika elebidunari mugatzen da”.
Hala eta guztiz ere, eztabaida hurbiletik segitzeko asmoa du euskalgintzak. “Interesgarria da ikustea beste behin ere zenbait parlamentari mugitzera behartzen dituela herri mobilizazioak eta lurralde hizkuntzen gaia mahai gainean atxikiarazten duela”.
500 bat lagun batu ziren Parisen iazko azaroaren 30ean Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboaren deiari erantzunez. Jean-Michel Blanquer hezkuntza ministroaren lizeo erreformaren eta Blanquerrek murgiltze ereduaren kontra egin adierazpenak salatu zituzten.