Egutegia estutzen ari da Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargoa onartzeko prozesuan. Urriaren 4an eta 5ean –aste honetako ostegunean eta ostiralean, alegia– Frantziako Senatuan lurralde-demokraziari buruzko eztabaida izango da. Urriaren 11n berriz, euskal ordezkaritza bat Marilyse Lebranchurekin (Estatu Erreformarako, Dezentralizaziorako eta Funtzio Publikorako Ministroa) bilduko da. Urtea bukatu baino lehen aurkeztu nahi du Frantziako gobernuak dezentralizaziorako akta berria.
Osagai horiek kontuan hartuta, eztabaidak abiadura handia hartu du azken hilabeteetan, Mixel Berhokoirigoin Baterako kideak irailaren 20an Berrian adierazi zuenez. Gainera, “oraingoan, bide onean” doa eztabaida Berhokoirigoinen ustez.
Baikortasun horren adierazgarri izan liteke joan den larunbatean Baionan egindako jardunaldietatik ateratako ondorioak. Parlamentariak, kontseilariak, auzapezak, sindikatuak, alderdietako bozeramaileak eta beste hainbat gizarte-mugimenduk parte hartu zuten jardunaldietan eta adierazi zuten baldintza guztiak biltzen direla Euskal Herriari aitortza sinboliko eta politikoa emango dion egitura juridiko egonkorraren sortzeko.
Erakunde horrek lurraldearen kudeaketa hobetuko lukeela uste dute Baionan bildutakoek eta euskararen koofizialtasuna lortzeko bidean ezinbesteko oinarria eskainiko duela, baita unibertsitate propioa eta laborantza ganbera sortzeko ere. Lurralde Elkargoa, egitura juridiko gisa, eboluzionatzeko aukera izango lukeen erakundea izango litzateke eta berezko konpetentziak izango lituzke.
Informazio gehiago:
Bateraren webgunean irakur daitezke larunbateko jardunaldietan ateratako ondorioak.