argia.eus
INPRIMATU
Lurralde Elkargoaren aldeko borrokan jarraituko du Baterak
  • Ipar Euskal Herriarentzako Lurralde Elkargoa lortzeko saiakeran jarraituko dutela adierazi dute Batera plataformako kideek, Frantziako Estatuarekin lurralde kontratu berria sinatzearen alde agertu arren. Aldarrikapen gisa, manifestazioa antolatu dute, azaroaren 30ean Maulen egingo dena.

ARGIA @argia 2013ko irailaren 25a

Baterako bozeramaile Martine Bisautak adierazi duenez, datozen hilabeteetako eginkizuna “lurralde kontratua azkar negoziatzea” eta “lurralde elkargoaren borrokarekin jarraitzea” izango da. Haren aburuz, lurralde kontratua bitarteko tresna bada ere, gaur egun ezinbestekoa da. Hilabete hasieran, Ipar Euskal Herria Frantziarekin lotzen duen hitzarmena berritzea deliberatu zuen Hautetsien Kontseiluak.

Lurralde Elkargoa aldarrikapen nagusi

Maiatzaren 30eko manifestazioaren xedea Lurralde Elkargoa aldarrikapen kolektiboa dela erakustea da, baina ez hori bakarrik. Antloatzaileen arabera, Estatuak Hendaia eta Beskoitzeko ikastolen aferan izan duen jarrera salatzeko eta Euskal Herriko Laborantza Ganbara zein unibertsitate propioa aldarrikatzeko abagunea ere izango da.

Paxkal Indok nabarmendu duenez, ekimena Maulen egitea hautatu dute “eskatzen dugun Lurralde Elkargoak kohesioa eta koherentzia bilatzen duenez, kostaldea eta barnekaldearen artean lotura bermatzeko”.