argia.eus
INPRIMATU
Lurrak defendatzen ari zen gazte maputxe bat hil eta beste bat larri zauritu dute Argentinan
  • Bi zibil armatuk tiroz hil dute Elias Garay, Argentinaren mende dagoen Quemquemtreu maputxeen komunitatean. Maputxeek salatu dutenez, Poliziak hilketarekin zerikusia du.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 24a
Bi pertsona Quemquemtreu maputxeen komunitateko lurreta (Luan - Colectiva de Acción Fotográfica)

Igande gauean kaleko jantzitako bi gizonezko sartu ziren Quemquemtreu maputxeen komunitateko lurretan, Rio Negro probintzian, eta Elias Garay 29 urteko gaztea hil zuten buruan tiro bat emanda. Gonzalo Cabrera larriki zauritu zuten, eta sabelean emandako bi tiroengatik ebakuntza egin behar izan diote. Bi gazteak lur horiek babesten ari ziren, beren lurrak berreskuratzeko borrokan; irailetik Poliziak setiatuta dauka eremua, eta sartu-irteerak mugatu dizkiete.

Orlando Carriqueo Tehuelcheko koordinakunde maputxeko buruzagiak salatu du Poliziak esku hartu duela erasoan: “Polizia izan dela uste dugu, zeren duela 55 egunetik komunitatea setiatuta dago eta inork ezin du lurraldean sartu haien baimenik gabe; elikagaiak ere ezin dira sartu”. Carrionek Buenos Aireseko Futurock irratiari azaldu dionez, polizien kontrola igarotzea "ezinezkoa" izan da orain arte, are gutxiago armekin: “Poliziaren sikarioak izan dira, edota haiekin moldatu dira sartzen utzi diezaieten”.

Carriqueok Garayren hilketaren erantzuletzat jo du Rio Negroko gobernadore Anabela Carreras, lurraldea militarizatuta edukitzeagatik, baita Argentinako estatuburu Alberto Fernandez ere, maputxeen defentsan ez jarduteagatik.

Carrerasek ukatu egin du erasoa poliziak egin izana, eta hiltzaileak “ezkutuko ehiztariak” izan direla esan du; haren arabera, “ehiztari” horiek maputxeekin izandako liskar baten ondorioz egin dute tiro. Maputxeek bertsio hori ezeztatu dute.

Giza eskubideen aldeko eta herri maputxearen defentsarako elkarteek hilketa salatzeko manifestazioak egin dituzte Argentinako hainbat herritan. Aste honetan bertan, senatuak erabaki du maputxeak haien lurretatik kanporatzea debekatzen duen legea lau urtez luzatzea, baina indigenek mesfidantzaz jaso dute erabakia, orain arte ez baita lege hori bete.