Laborantza lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatu nahi ditu Amillubi proiektuak. Horretarako herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari da eta maiatzaren 11rako egun osoko festa antolatu du Amillubin bertan, egitasmoari bultzada emateko.
Joan den abenduan eman zuen ezagutzera Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko Gipuzkoako elkarteak Amillubi, lurra taupaka ekimena. Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan kokatuta dagoen Amilibia baserria eta bere lurrak ondasun kolektibo bilakatzeko helburuarekin ekin diote egitasmoari. Erreportaje honetan azaldu genuen sakon proiektua.
"Egungo krisi ekologikoaren eta lehen sektoreak bizi duen zailtasunen testuinguruan, Amillubik Euskal Herriko Elikadura Burujabetza garatzeko pausu txiki baina estrategikoa izan nahi du, orain urte batzuk Ipar Euskal Herrian martxan jarri zen Lurzaindiaren lorratzari jarraituz" adierazi du Biolurrek. Horretarako 150.000 euroko diru-bilketa abiatu dute, eta orain artean 100.000 euro batu dituzte herritar, kolektibo zein erakundeen ekarpenei esker. Maiatza bukatzerako beste 50.000 euro lortzea dute erronka (hemen egin daiteke ekarpena) eta horretarako, beste hainbat ekimenen artean, egun osoko festa antolatu dute.
Amillubi proiektuaren asmoetako bat da herritarrak proiektura biltzea eta elikadura burujabetzaren aldeko urratsak ematea. Horretarako, urtero bi topagune nagusi antolatzea pentsatu dute: bata udaberrian (maiatzaren 11ko festa hau izango da estreinakoa) eta bestea udazkenean. Udaberriko topaguneei "izaera ludikoa" eman nahi diete eta udazkenekoak hausnarketarako izango dira: "Epe-ertainera begirako proiektuak zehazteko eta epe luzera begirako bide-orria adosteko", kideek adierazi dutenez.
Amillubi proiektuak herritar denei dei egin die maiatzaren 11n Amillubira joateko, proiektua bertatik ezagutzeko eta Lurra Taupaka festaz gozatzeko.
11:00etan hasiko dute eguna eta inguratu direnei Amillubi egitasmoaren aurkezpena eta bisita egingo diete. 12:00etan bi ekintza egongo dira aukeran: barre egiteko gogoz denak Enekouchekin (Antton Telleria) dauka aukera Lurrarekin konexioa saio umoretsua ikusita eta hankak luzatu nahi dituenak "Baso bainu-ibilaldia" egin ahalko du Tantaiko kideen eskutik. Egunean zehar umeentzako txokoa egongo da.
13:30ean poteo musikatua egingo dute EHko Batukada Feminista Sareak girotuta. 14:30ean pikoteo-bazkaria izango da eta bazkalostean jarraituko du festak:
15:30ean umeentzako clown ikuskizuna eskainiko du Itziar Saenz de Ojer-ek eta 16:30ean "Grego"ren (Beatriz Egizabal) bakarrizketa umoretsuak piztuko du giroa helduen artean. 17:30ean Mejillon Tigre kolektiboaren errezitaldiak emango dio jarraipena.
Eta eguna biribiltzeko, 18:30ean kontzertuak eskainiko dituzte Pelax, 3zur eta Babarrunba taldeek.
Sarrerak salgai daude Interneten eta aurrez erosi beharko dira. Aukera hauek jarri dituzte:
Goiza soilik 10 euro.
Arratsaldea soilik 15 euro.
Egun osoa 20 euro.
Bazkarirako txartela 10 euro.
12 urtetik beherako umeek dohainik dute sarrera, baina bazkari gabe.
Autoz joango direnei, antolatzaileek ohartarazi diete autoa Iraetako futbol zelaiaren ondoko aparkalekuan uzteko. Futbol zelaiaren ondoko eremutik oinez egingo da Amillubirako bidea eta kotxe lanzadera bat ere izango da aukeran. Behar bereziak dauden kasuan, antolatzaileekin harremanetan jartzeko eskatu dute (koordinazioa@amillubi.eus helbidera idatzita, adibidez).