2014an sortu zuten Birika Permakultura proiektua Leioako lursail okupatu batean. Jurgi Uriarte Idiazabalek eta beste bi kidek jarri zuten martxan egitasmoa. “Lursail hartatik bota egin gintuzten gerora, aparkalekua egin behar zutelako, eta, etenaldi baten ondoren, bakarrik segitu nuen proiektuarekin”, azaldu du Uriartek. 2016tik buru-belarri ari da proiektuan, permakulturan oinarritutako sistemak sortzeko diseinu lanak egiten.
Teknika asko uztartzen dira permakulturan, Uriartek nabamendu duenez. “Permakultura ez da ortuko teknikara mugatzen, hori baino gehiago da, elementu asko ukitzen ditu: ura eta energia lortzeko bideak, plastikoa gutxitzea, gastua txikitzea... bizitzeko era bat da”. Horretarako, beharrezkoak dira diseinua eta plangintza, eta alor horretan dihardu Birikako kideak, baratzea edo bestelako ekoizpen sistemak martxan jarri nahi dituztenei aholkularitza eta laguntza ematen. “Auto bat fabrikan sortu baino lehen ordenagailuan simulazioak egiten diren moduan, ezinbestekoa da lurra lantzen hasi aurretik ere planoak, neurketak eta azterlanak egitea”.
Formakuntza eta tailerrak ere eskaintzen ditu Uriartek, eta Mungiako hiru hektarea eta erdiko lursailean barazkiak eta arrautzak ekoizten. “Ekologikotik harago doa ekoizpen eredu hau, lurraren mikrobiologia da agintzen duena. Izurriteen aurka Bacillus thurigiensis erabiltzea oso ongi ikusia dago, ekologikoa da, baina ez da selektiboa, mikrobiologia ere akabatzen baitu”, azaldu du. Erabili izan du berak ere, tomateetako harrak akabatzeko, esaterako, baina harrak landarea erdi gaixorik dagoen seinale direla dio. Espektometroa erabiltzen du berak landareen 'osasuna' neurtzeko: “Teleskopio moduko tresna bat da, tomatearen hiruzpalau tanta bota eta eguzkiari begiratuta, tomate horretan disolbatuak dauden elementuak neurtzen ditu: azukreak, mineralak...”. Zenbat eta elementu gehiago, erasotzaileetatik babestuago dago landarea.
Akuaponia sistemak ere lantzen dituzte Birika Permakulturan. Ez nahasi, akuaponia ez da hidroponia. “Akuaponia sistemetan, arrainak jartzen dira uretan; ur horrekin landarea elikatzen da, eta, aldi berean, landareak ura purifikatzen du, zikloa itxiz. Proteina biziak eta landareak dituzu sistema berean”, azaldu du. Elikagaiak ekoizteko sistema oso efizientea dela azaldu du Uriartek, Indonesian eta inguruko beste zenbait herrialdetan asko erabili izan dena.
Eta aurretik aipatutako jarduera guztiak bideogintzarekin uztartzeko tartea ere hartu dute Birikan. Haien youtubeko kanalean permakulturari, ortugintzari, akuaponiari eta nekazaritzarekin lotutako beste gai askori lotutako ehunka bideo dituzte. “Teknikak plazaratzeko bide bat da, bederatzi urteotako lana jasoa dago kanal horretan, edonoren eskura”, amaitu du.