argia.eus
INPRIMATU
Ostia kolektiboko Hartzea Lopez Adan eta Joana Detchart:
“Lurra, etxebizitza eta elikadura elkar lotuak dira, bai problematikan, bai alternatibetan”
  • Lurraren aldeko mugimenduak pilpilean dira munduan: borroka moldez eta helburuz anitzak dira, eta Ipar Euskal Herrian indar handia hartu dute, besteak beste, laborantza lurren salerosketa espekulatiboak geldiarazteko laborariek zein hiritarrek batera burutu dituzten okupazioek. Borroka ekosozial horiez hitz egin dute Ostia kolektiboko Joana Detchart eta Hartzea Lopez Adanek Egonarria saioan, Eli Pagola aurkezlearen gidaritzapean.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2024ko otsailaren 01

Lurraren aldeko borrokak han eta hemen pizten ari dira. Horregatik da baikorra Joana Detchart, "sendotu egin baita gure jendarte guztiaren baitan eta ene ustez gaur egun kezka handia da guztiontzako, belaunaldi guztien artean eta arlo guztietan aipatzen dugu. Nahiz eta beti ez den erraza elkarrekin antolatzea, Lurraren aldeko borroka buruan dugun gauza bat da". Aldiz, Hartzea Lopez Adanek ezkor ikusten du egoera: "Zer ikusten dugu egunero? Gobernuak eta enpresek segitzen dute etekinaren eta pribilegioaren aldeko gurpil zoro horretan, nahiz hainbat seinalek erakutsi mundua gainbehera doala. Kontsumo ereduak ez dira aldatzen, jendartearen gehiengoak jarraitzen dugu egunero kapitalismoari behar den dirua ekartzen. Eta jende gutxi mobilizatzen da Lurraren alde. Ekimenak ez dira batere aski datorkiguna frenatzeko".

Elkarrizketa osoa hemen ikusentzungai:

Lurraren Altxamenduak afera: Gobernuaren indar osoa mugimendu ekologistaren aurka

Lopez Adanek azaldu du Frantzian "ekologia erasokorrago bat" berpiztu dela Lurraren Altxamenduarekin. "Bere helburua azpiegitura kaltegarriak geldiaraztea da, praktikan. Horrek eskatzen du lekuetara joatea, 'armagabetzea' deitzen duten praktika martxan ezartzea (sabotajea egitea, azkenean), hori publikoki asumitzea eta mezua horren inguruan ematea".

Baina mugimenduek indarra hartu heinean hazi da haien kontra Gobernuak erabili duen errepresioa. Lopez Adanen hitzetan, "aurretik zetorren jokamoldea jarraitu du azken urteetan Macronen gobernuak ere: errepresioaren sistematizazioa mugimendu sozialen kontra. Ikusi dugu Jaka Horien sekuentziarekin, aldirietan bizi diren gazteekin, erretreten erreformarekin, ekologismoarekin... Mehatxu islamistaren kontra sortu zen antiterrorismoa, baina horrek ez die lan gehiegi eskatzen, beraz, mugimendu ekologistaren inguruan fokatu dira. Dituzten baliabideak jarri dituzte: espioitza, armen erabilera, judizializazioa, manifestaldietan Poliziaren bortizkeria azkarra...".

Lopez Adanek gaineratu du arazoa dela "halako talkak estatu afera bilakatzen direla: kontua ez da ikustea azpiegitura horrek zer kalte edo zer onura ekartzen dion jendarteari eta naturari, kontua da 'estatua ekologisten kontra' gisa planteatzea eta ea nork irabaziko duen. Beraz, Frantziako Gobernuak hainbat aferatan ez die ekologistei irabazten utzi nahi, printzipio batengatik: bere irizpidea, bere eredua eta bere lagunak babestea. Bai baitaki ongi, afera bat galtzen badu, horrek ekar dezakeela beste borroken hanpatze edo indartzea. Beraz, gatazka polarizatu egiten da eta bada errepresioa, politikarien eskuhartzea... Horretan gara egun frantses estatuan zenbait gaiekin. Bi munduen arteko ikuspegi edo borroka islatzen dute hainbat azpiegitura proiektuk".

Frantziako Gobernua saiatu zen epaitegietan Lurraren Altxamenduak mugimendua desegiten, eta Detchartek baikor izateko beste motibo bat ikusten du afera horrek izan duen amaieran: "Zartada handia izan da frantses gobernuarentzat ikustea desegite hori ez zela legala eta ez zela egiten ahal. Anartean, mugimendu ekologista berriz indartu da".

Laborariak eta kaletarrak batuta lurra, elikadura eta etxebizitzaren gai lokaletan

Detchartek adierazi du Ostia sarearentzat (Okupazio Sare Tematsua Irabazi Arte) lorpen handia izan dela laborariak eta herritarrak borroka berean batu izana: "Egun Iparraldean borroka handienak dira etxebizitza eta laborantza lurrak babestea, hau da, nola elikatzen garen eta nola espekulazio hutsa egiten den laborantza lurren gainean: dirua egiteko ebasten dira, ez dira batere tokiko jendearentzat. Hori aski argi ulertzen da. Eta borroka horretan jendea biltzen da: bai laborariak, baita hiriko eta herriko jende andana bat ere, laborantza lur horiek okupatzeko bai sinbolikoki babesteko, baina baita ere luzera begira lur horietan laborantza egiteko". Lopez Adanek intuizio hau jaulki du: "Lurra, etxebizitza eta elikadura elkar lotuak dira, bai problematikan, bai alternatibetan".

Detcharten ustez, ekologismoaren barruan dauden borroka molde anitzek posible egiten dute jende ezberdin gehiago batzea: "Erasokorrago izan nahi baduzu aukera duzu hori egiteko edo zure aliatuak atzemateko; edo nahiago baduzu sentsibilizazioa egin, pedagogian eta komunikazioan gauza zehatzak egiteko aukera duzu. Sabotajeak, okupazioak... bada gauza anitz, gaizki ikusiak direnak baina aldi berean zilegitasun handi batekin ikusiak direnak gaur egun".

Lopez Adanek balioan jarri ditu Ipar Euskal Herrian gelditu arazi dituzten proiektuak: "Donibane Lohitzuneko Surf Park egitasmoa, AHTa bera (beti esaten dute hamar urtera lanak hasiko dituztela), 5G antena Donamartirin, Larrun mendi gainean atrakzio parkea... Urrunago joanez 2x2 autobidea Garazi eta Iruñea artean, ur mehatzeak Itsasu aldean... proiektu horiek guztiak gelditu dira mobilizazioari esker. Horrek esan nahi du badugula gaitasuna gauza batzuk oztopatzeko, beraz, bide horrekin jarraitu behar dugu, argi eta garbi".

Detchartek Egonarria saioa hasi duen baikortasunarekin amaitu du, eta konbentzimenduz: "Nik beti baikor egon nahi dut, ez baikor izate hutsagatik, baizik, ez dugulako amore ematerik ahal".

Martxoaren 12ko data azpimarratu dute saioa ixteko: "Epaiketa izango da Baionan, Ostiako lau kideren kontra, Kanboko Marienea eraikuntza proiektua dela-eta. Hitzordu garrantzitsua izan behar du".