Azaroaren 23an Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 80 lagun inguru elkartu ziren Duzunaritzen, "100 urteko paisaian 111 pauso" izeneko egun-pasa berezirako prest. EHKOlektiboa, Biharko Lurraren Elkartea eta ARGIAk antolatu zuten elkarlanean eta paisaia, Idiartia etxaldeko lana, elikadura eta kultura uztartu zituen egunak.
Euria goian behean, baina umorea lagun elkartu zen jendea Idiartia etxaldeko ganbaran. Elkar agurtu ostean aterkipean abiatu ziren Duzunaritze herrirantz, bidean Jakoba Errekondok paisaiari buruz emandako azalpenak entzuteko geldialditxoak eginez.
Hainbat gaiek sortu zuten jakin-mina: lizarrak eta haritzak grabitate indarrari aurka egiteko duten modu ezberdinek; euskaldunek antzinan gurtzen zituzten zuhaitzak eta erromatarren kolonizazioak gurtzera eraman dituenak; "euskaldunak gosetik salbatu zituen jakia, hurra"; euskaldunentzat urdina ez den berderik ba ote den...
Salda beroa, giro goxoa
Hotz eta umel ziren gorputzentzat osagarri ederra izan zen Idiartia etxaldeko ganbaran EHKOlektiboak eta Biharko Lurraren Elkarteak zerbitzatu zuten salda beroa. Goizeko ibilbidean entzundako gaiez elkarri zirika aritu ziren kideak, eta indarrak berreskuratuta Jon Harloucheten atzetik abiatu ziren etxaldea ezagutzera.
Harridura atseginez begiratzen zion jendeak elkarri, bere burua lehen aldiz lasto-fardoz osaturiko anfiteatroan eserita aurkitu zuenean. Harlouchet aita-semeek hitzaldi ederra eskaini zuten etxaldearen historia kontatuz, biloba gazteek tarteka "hori egia da!" batekin berresten zutela. Aitak ekin zion 1975ean esnea ekologikoan ekoizteari eta hori biziki eskertu zion semeak "sarri hori baita arazoa, egun etxaldeen martxa daraman jendeak ekologikora urratsa egin nahi baina aurrekoek ez dutela baimentzen".
Jon Harlouchetek azaldu zuen zein hobekuntza egin zituen etxaldean, plastikorik gabe belarra ondu eta gordetzeko: behetik haizea sartu eta goitik ateratzen den belar-zuloa. Sabaian erantsitako garabiaz eramaten du belar hezea zulora, eta hemendik sokaz loturiko fardoak egitera biltegira. Behiei ere garabiaren besoaz zabaltzen die jatena. Baina urtean hilabete gehienak belazeetan bazkatuz mantentzen ditu 40 buruak.
Azaldu zuen esnekiak egiten hasi zirela, lehengaia (esnea) ekoizteak kostu handia baitakar eta hauen elaborazioak proportzioan askoz txikiagoa, eta prezioan berriz, marjina handiagoa baita transformatutako gaietan. Esne osoa zuzenean saltzen dutela azaldu zuen, eta bere amak ia 80 urterekin jarraitzen duela etxez-etxe banatzen.
Arto Gorriak elkartearen sorrera hazi ekoizleen industriari aurre egiteko modua izan zela azaldu zuen: "Arto ekologikoa ereiteari ekin nion, baina min ematen zidan transgenikoak ekoizten dituzten etxe handi horiei beraiei erosi beharra hazi ekologikoa. Munduan bost-sei etxe baino ez dira hazi guztiak saltzen dituztenak, eta hauek dute guztia saltzen: hazi transgeniko gaixoak, hauek tratatzeko pestizida eta herbizidak, eta gaixotzean botikara bazoaz baita sendagaiak ere". Horrela, deialdia egin eta hainbat nekazariren artean aritu dira azken urteetan bertako arto haziak berreskuratzen eta trukatzen. Esaterako, Luzaideko barietate bat ereiten jarraitu ahal izan dute, galdu baino lehen: izan ere, arto hau ereiten zuen nekazari helduak egiteari utzi zion Harloucheti haziak eman eta hurrengo urtean. Horrela esan zuen Idiartiako nekazariak: "9.000 urte daramatza gizakiak haziak jasotzen, eta azken 70 urtean ia erabat moztu dugu mendeetako jakintza hori guztia. Arto barietate bat salbatu dela jakiteak harrotasunez betetzen du gure eguneroko lana".
Jarraian, artoa ehotzeko errota erakutsi zuen, eta bertatik polenta eta arto hirina ateratzen dutela azaldu.
Biharko Lurraren Elkarteak bazkari ederra zuen prest eta EHKOlektiboko lagunekin batera atera zuten mahaira. Lehenxeago nola lortzen den ikusitako polenta ere platerean dastatu ahal izan zuten bazkaltiarrek.
Bazkalostea betea izan zen. Sustrai Colinak ARGIAren Mendeurrenaz jarritako bertso-papera banatu eta kantatu zuten, ehungarren urtea Iruñean hilabete batzuk lehenago hasi bezala Duzunaritzen amaitzeko.
Jarraian, Sustrai Colinak umore handiz prestatutako hitzartzea egin zuen, ARGIAk kaleratu berri duen 111 hostoz eta orriz jantzi liburua aurkeztuz, nolabait bera "bere liburuaz hitz egitera" joana zela adieraziz. Aurkezpen serioa Jakoba Errekondok egin zuen, eta azaldu zuen nola liburu horretan hainbat alorretako Euskal Herriko 22 pertsona esanguratsuk egin duten Errekondok ARGIA astekarian kaleratutako 1.111 artikuluetatik 111 hautatzeko galbahe lana.
Segida liburuko 22 hautatzaileetakoak diren Pantxika Maitia, Itxaro Borda eta Sustrai Colinak eman zuten, haien arteko elkarrizketan aipatuz liburuak biltzen dituen Errekondoren artikuluen bertuteak. Esaterako, Bordak aipatu zuen Pantxika Maitia eta biak direla baserrian jaioak baina hirira joanak, eta zenbat milaka euskaldunek ez duten bide bera egin haiekin batera, eta beraz, liburu horrek osatzen duela hiritartutako jende horrek barruan sentitzen duten lurrarekiko lotura, hutsunea. Maitiak azaldu zuen 50 artikulu irakurri eta bost hautatu beharra zaila egin zaiola, lehen irakurraldian 20 hautatu zituela, baina horietatik bostera iristea kostatu zitzaiola "50 artikulu horien ostean gehiago irakurtzen jarraitzeko gogoz geratzeraino".
Colinak irriz jarri zituen entzuleak "ez nator nekazari mundutik, kalekoa naiz, ni ez nengoen predestinatua Errekondoren artikuluen zalea izateko, baina ARGIAn artikulu bat irakurri nion, hurrengo astean bestea, hurrengoan bestea, eta aitortu egin beharra daukat, bada bai, gustatu egiten zait". Maitiak galdegin zion hizkuntzari buruz, eta Colinak erantzun zuen bera hizkuntzaren adiktu edo "gaixo" bat dela, eta Errekondoren idazkera zehatza preziatzen duela, testua irakurtzean nabaritzen dela hitz bakoitza hautatu egin duela egileak, hitz bakoitzak duen esanahi bakan, konnotazio eta abar kontuan hartuta.
Arratsaldean Itxaro Bordak bere testua irakurri zuen, eta Ibon RG-k soinu bereziak uneak inprobisatuz lagundu zion. Emanaldiak klima aldaketak ekarritako munduaren apokalipsia bizitzera eraman zituen ikusentzuleak. Giroa ilundu eta tentsioa handitu zuen atea itxirik ganbara propio ilunpean jarri izanak. Etengabeko euri azidoaren hotsean, pertsonak buztina soilik jaterainoko egoeraren gorria irudikatzera eraman zuten publikoa Bordak eta RGk. Ikuslearentzat irudimena lantzeko eta galderak pausatzeko planteamendu oso egokia zuen emanaldiak: zer ekarriko du klima larrialdiak? apokalipsiaren aurrean zer? gizakioi zer jarrera edo erreakzio ateratzen zaizkigu?
Itolarri egoera handienean, Colinari eman zioten mikroa bertsotan egin zezan, eta honek itxaropenari kantatu zion. Ikusleek biziki eskertu zutena.
Emanaldia bukatu zenean argiak piztu eta ireki zen ganbarako atea. Kanpoan oraindik egun argi zen. Elkar agurtu eta etxerako bidea hartu zuten egun oso berezia, bakana, errepikatuko ez dena, bizi izanaren sentsazioarekin. Zein egunetan dago aukera goizetik arratsera hainbeste gauza eta hain ezberdin bizitzeko, etxalde bateko egurrezko ganbara handi batean Euskal Herriko txoko anitzetatik etorritako 80 lagunekin bazkaltzeko?
ARGIAren Mendeurren ekitaldien hurrengo hitzordua Durangoko Azokan izango da, Gogoetaren Plazako mahai-inguruetan. Horrekin bukatuko du komunikazio proiektu independenteak urte honetako ekintzen katea.
Baina EHKOlektiboak jarraituko du Baserriko Uzta antolatzen, beraz, izango da etxalderik ganbara zabalduko diona bazkari eder baten bueltan kultur ekitaldia gozatu nahi duten herritarrei.