argia.eus
INPRIMATU
Lurra elikatu, guk jan
  • Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.

Jakoba Errekondo 2024ko apirilaren 22a

Artzain txakolingile bizkaitar batekin aritu naiz bart eta bere iritziz txakolina egiteko hartzen den urte luzeetako bideko une garrantzitsuena mahastia non kokatu aukeratzea da. Sail nahiko izanagatik, han edo hemen non landatu, tokia eta lurraren ezaugarriak dira gako nagusia.

Porru-haziez gain, gero eta gehiago entzuten da “lurra” hitza. Bizi Baratzearekin han eta hemen nabilenean, "tomateak ongarritzera goaz" edo "patatak jango duen simaurra nola zabaldu" edo "sagastia kortaiztu beharko genuke" edo "arrosatzeak noiz luhumendatu behar ditut" edo antzekorik entzuten dudanean inon inoiz esatea ahazten ez zaidana zera da: ongarritu, luartu, luhumendatu, sastu, kortaiztu, simaurtu lurra egingo duzu, lurra osatzera zoaz eta gero, agian, landareari emango dio. Guk landareen alde egin dezakegun lan nagusia lurraren biziari eustea da, eustea eta ahal izanez gero biziagotzea.

Lurra hiru Mz osatua dago: azpian duen Minerala, gainetik doakion Materia organikoa eta bizia ematen dioten Mikroorganismoak. Bizi hori sustatzea da ongarriketaren helburu nagusia; zenbat eta bizitza gehiago, orduan eta errazago mugituko dira mineralak eta landareak errazago hartuko ditu, hobeto elikatuko da. Bizitza hori, mikroorganismoen kopuruak eta horien kemenak, bizitasunak eta bizkortasunak haziko edo zapuztuko dute.

Lurrean izaki misteriotsu eta liluragarri ugari bizi da. Batzuk, makroorganismoak, begi hutsez ikus daitezke, hala nola zizare, armiarma, inurri; tamaina ertaineko eta txikiko fauna ere hor bizi da, akaro, nematodo, protozoo, eta ttikietan ttikien onddo, bakterio eta abar. Lur metro koadro batean1.000 fauna espezie aurki ditzakezu eta “eskukada” batean mikroorganismo gehiago dago planetan jendea baino.

Esaterako, lur metro koadro batean, 350 milioi bakterio espezie, 63 protozoo espezie, 4,5 milioi ameba, 50 ehunzango, 500 zizare, 1,9 milioi nematodo, 745 termita eta 2.150 inurri zenbatu dira. Horra, lurrek munduko bioaniztasunaren laurdena altzoan dute eta bertan bizi diren espezie guztiek beren artean eta landareekin eman-hartu biologiko konplexuak eraikitzen dituzte eta elkarrekin gure hankapeko ekosistemetako mantenugaiak eraldu, eraldatu eta birzirkulazio bidean jartzen dituzte.

Landareen egoera ulertzeko, beren arrakasta edo porrota atzemateko, lurrera begiratu. Eta noski, jan nahi badugu lurra elikatu, lurra bizitu. Eman eta hartu.