argia.eus
INPRIMATU
Lurpeko sabai oker bat

Udane Barinagarrementeria Laka 2024ko urtarrilaren 19a

Mice + Nakar + Les Sauvaje MJ
Non: Elorrioko Ateneoan
Noiz: 2023ko abenduaren 23an.

[Argazkia: Ainhoa Iraola]

-------------------------------------------------------------

Ateneon musika zikloaren denboraldi berria estreinatzera. Sarrera guztiak agortuta. Kontatu digutenagatik, kontzertua iragartzean dei piloa jaso zuten antolatzaileek, eta aurre-salmentan segituan bukatu ziren sarrera denak. Pribilegiatu sentiarazi ninduen, beraz, sarrerak lortu zizkigun lagunaren mezuak. Eta kontzertu horretan egoteko pribilegioa sentitzeak badio zerbait taldeez eta musika zikloaz.

Eskaileretan behera aretora sartzekotan entzun nuen lehenengo abestia, aretoa jada beteta zegoela. Bigarren abestirako, Miren Narbaizaren oilo ipurdia jartzeko txilio horietako batean itxi zituzten kanpoko atea eta eskaileretarako gortina. Lurpeko sabai okerdun ganbara bat, jendez lepo, eta sei musikari handi eszenatoki txikia betetzen, negua udaberritzeko gertu. Segituan eraiki dute Lautada hori, bertan –eszenatokia ia erditik mozten duen zutabe handi baten bi aldetara estrategikoki kokatutako– publikoaren gorputz-adarrak aske mugitzera daramatzana. Gorputzak ia inkontzienteki mugimenduan, baina, eszenatoki gainean neoizko argipean dagoen espektakuluari begira, adi.

Imajinatu oreka irudikatzen dela bi marra paralelorekin, gora-behera propiodunak: goiko marrak agitaziorantz, euforiarantz, klimaxerantz egiten du goraka; behekoak, aldiz, iluntasunerantz, lurrerantz, isiltasunerantz beheraka. Oreka, beraz, mugimendua da, bi marrak elkarrengana hurbiltzeko saiakera. Eta horixe izan da Miceren zuzenekoa: ahots propio-kolektibo baten orekaren maisu-maistrak, edo beraien hitzetan, baretasunean sendo, izarrarteko bidaian.

Les Sauvaje MJak girotu du trantsizioa, eta ostean, post-punk elektronikoak jarri gaitu izerditan. Nakarrek (argazkian) hasi orduko publikoa bereganatua daukala somatzen da giroan, lehen diskoa kaleratu eta hilabetera. Katakrakek egindako Hau dena lan kolektiboko Epikuro, mindfulness, speed abestiarekin eman diote hasiera. Hasierarekin sabaia jo, eta tartean kable okerra zapaldu arren, sabaian mantendu dute aretoa bukaeraraino. Gure garai ilun honentzako gerra-oihua batetik bestera, trantzean, eszenatoki goi-beheak. Nakar abestiarekin bukatu dute, "ba hauxe gara” esanez bezala. Eta musikarien bisaian ikus daiteke beraiek dantzatzea nahi duten musika egiten dutela; bakarrik egotera etorri direla, baina elkarrekin (edo publikoarekin).

Kamiseta bustita Les Sauvajeren musika aukeraketa ederraz gozatzen nengoela,  bukatzeko, kontzerturo egin ohi dudan ariketari tartetxoa: eszenatoki gainean bederatzitik bi emakume; selektorretan plenoa, bitik bi; teknikari lanetan zero, uste dut; antolakuntzan ez dakit, galdetu beharko; kamera eskuan bitik bat; barran zerbitzari lanean erdiak-edo; eta aretoan orotara %50etik gora esango nuke, ia %60. Ez diot nik, matematikek baizik: gure lurpeetan ere badirela sabaiak, tarteka okertuz hasiak.