Herriko etxeek lurraren eta etxebizitzaren arazoa ez dutela "serioski lantzen" salatzeko eta gaiari ekin diezaiotela eskatzeko, manifestaziora deitu du Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, martxoaren 23 eta 30eko herri hauteskundeen atarian.
Hilaren 15ean egingo da manifestazioa, Donibane Lohizunen abiatu eta Zibururaino. Donibane Lohizune hautatu dute, etxebizitzen ia erdia hutsa edo bigarren egoitza delako bertan. "Herrian lan eta bizitzeko" eskubidearen aldeko manifestazioa izango da eta herriko etxeei gogoraraziko diete ahalmena badutela "sarraski ekologiko zein sozial" hori oztopatzeko.
Aldiz, hein batean herriko etxeen orain arteko "pasibotasunak" ahalbidetuta, "espekulazioa, etxebizitza duinaren eskuragarritasun eza, ingurumenaren eta laborantza eremuen suntsipena, herrien arimaren desagerpena" da nagusi.
Lurraren egoerari buruzko txostena bidali du kolektiboak herriko etxeetara eta bilkura publikoak ere egin ditu, herritarren kezkak eta arrangurak ezagutzeko.
Herriko etxeek eskura dituzten tresnak
Kolektiboak herriko etxeei eskatu die ekiteko, eskura dituzten tresnak erabiliz. Hala nola, Tokiko Hirigintza Planaren (PLU) bidez lurra kudeatuz, "hirigintzaren, ingurumenaren eta laborantzaren beharrak hobeto kontrolatzeko"; etxebizitzen zaharberritzea bultzatuz, Ipar Euskal Herriko etxebizitzen "laurdena hutsa edo bigarren egoitzez osatua" baita; edota herriko etxeek lehentasunez erosteko duten eskubidea baliatuz, ondasun pribatuak publiko bilakatzeko.