argia.eus
INPRIMATU
Lur eta etxebizitzaren arazoa bozetako agendan txertatzeko eskaera
  • Lurraren eta etxebizitzaren arazoari heltzeko eskatu diete Lurra eta Etxebizitza kolektiboko kideek herriko etxeei, hilaren 23 eta 30eko bozen atarian. "Gaia gizarteratu nahi dugu, herritarrak sentsibilizatu", azaldu dute Lore Goienetxe kolektiboko kideak eta Marie Christine Elizondo laborariak.

ARGIA @argia 2014ko martxoaren 18a
Donibane Lohizunen hasi eta Ziburun amaitu zen manifestazioa (Argazkia: Sylvain Sencristo / Kazeta.info)

Aiert Iriarte Euskal Irratietako kazetariak egin zien elkarrizketa larunbatean, Donibane Lohizune eta Ziburu artean egindako manifestazioan.

Donibane Lohizune hautatu dute, etxebizitzen ia erdia hutsa edo bigarren egoitza delako bertan. "Herrian lan eta bizitzeko" eskubidea aldarrikatu eta herriko etxeei gogorarazi diete ahalmena badutela "sarraski ekologiko zein sozial" hori oztopatzeko.

"Salaketa eta sentsibilizazioa" uztartu zituzten manifestazioan, helburuetako bat baita boto emaileak informatzea, arazoa gizarteratu eta herritarrek aldaketa nahia ozen agertzea, indar egitea, agintariek "beste lehentasun batzuk" dituztelako.

Lurra eta Etxebizitza kolektiboko kideek herritarrei eskatu diete hautagaitza zerrenda bakoitzaren programak gainbegiratzeko, proposamenak aztertu eta horien araberako boza emateko.

Herriko etxeek eskura dituzten tresnak

Kolektiboak herriko etxeei eskatu die ekiteko, eskura dituzten tresnak erabiliz. Hala nola, Tokiko Hirigintza Planaren (PLU) bidez lurra kudeatuz, "hirigintzaren, ingurumenaren eta laborantzaren beharrak hobeto kontrolatzeko"; etxebizitzen zaharberritzea bultzatuz, Ipar Euskal Herriko etxebizitzen "laurdena hutsa edo bigarren egoitzez osatua" baita; edota herriko etxeek lehentasunez erosteko duten eskubidea baliatuz, ondasun pribatuak publiko bilakatzeko.