Otsailaren 2an, goizeko 11:00etan Donostiako Principe zineman Lur eta Amets filmaren aurre-estreinaldira joan nahi? ARGIA Jendea bazara, sarrerak musu-truk eskuratuko dituzu: ibili bizkor, agortu baino lehen!
Joseba Ponce eta Imanol Zinkunegi dira animaziozko filmaren zuzendariak. Hau da filmaren laburpena: Lur eta Amets amona Andereren etxera joan dira asteburua pasatzera. Baina amonaren eta bere katu Baltaxarren botereei esker, ez da asteburu arrunta izango: bidaia batean murgilduko dira, eta Euskal Herriko historian zehar bidaiatuko dute, garai bakoitzean abentura gazigozoak bizituz.
Euskal Herriaren historia ezagutarazteko egitasmoaren parte
Ikastolen Elkarteak, Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak sustaturiko egitasmoa da eta 2015ean jarri zen abian, Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia liburuarekin eta haren atzetik bederatzi ipuin eta mahai-jokoa argitaratu dituzte. Filma bide horren hurrengo urratsa da, eta aldi berean ikuskizun bat antolatu dute, hainbat hiritan ematen ari direna, filma iritsi aurretik ezagutarazteko.
Filma otsailaren 7an iritsiko da zinema aretoetara. ARGIA Jendeak musu-truk eskuratu ditzakeen sarrerak, aurre-estreinaldirako dira, otsailaren 2rako. Lortzeko, sartu ARGIAren Azokan.