argia.eus
INPRIMATU
‘Lur eta Amets’ animaziozko filma estreinatu aurretik, haurrentzako ikuskizuna herriz herri
  • Euskal Herriko historia haurrei ezagutarazteko lagungarria izango den filma otsailaren 7an estreinatuko da aretoetan. Aurretik, hainbat herri eta hiri bisitatuko ditu pelikularekin lotutako ikuskizunak.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 07a

Bi hilabete barru estreinatuko da zinema aretoetan Lur eta Amets animaziozko euskal filma. Aurretik, pelikulako anaia-arreba protagonistek herri eta hiri ugari bisitatuko dute filma aurkezteko eta abenturaz beteriko ikuskizuna eskaintzeko.

Euskal Herriaren historia “gure ikuspuntutik” kontatzea du xede Lur eta Amets-ek, izenburu bereko ipuinek egin duten moduan. Ikastolen Elkarteak, Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak sustaturiko egitasmoa 2015ean jarri zen abian Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia liburuarekin eta haren atzetik bederatzi ipuin eta mahai-jokoa ere argitaratu dituzte.

Filma bide horren hurrengo urratsa izango da, baita ekoizpen horren eskutik aurkeztuko den ikuskizuna ere. Aretoetan estreinatu aitzin, Lur eta Amets ikuskizuna asteburu honetan bertan ikusi ahal izango da Arrasaten (urtarrilak 10), Bilbon (11) eta Altsasun (12).

Ondorengo asteetan ere gelditu gabe ibiliko dira: urtarrilaren 17an Eibar bisitatuko dute, 18an Gasteiz, 19an Getxo, 22an Iruñea, 29an Donostia, 31n Barakaldo eta otsailaren 1ean, azkenik, Beasain.

Familia osoarentzako filma

Joseba Poncek eta Imanol Zinkunegik zuzendu dute otsailaren 7an zine aretoetan estreinatuko den animaziozko filma. Haurrei eta familia osoari zuzendutako lana dela azaldu dute haren ekoizpenean parte hartu duten Ikastolen Elkarteak, Elkarrek eta Lotura Filmsek.

Pelikulan Lur eta Amets anaia-arreba bikiak ikusiko ditugu amonaren etxera joaten, asteburua harekin pasatzera gurasoek ezkontza dutelako. Hara iristean, ordea, amonaren eta haren katu Baltaxarren botereei esker bidaia batean murgilduko dira: garai eta sasoi ugari ezagutuko dituzten abentura da Lur eta Amets, gure historian barrena egindako ibilera, bidean adiskideak eta etsai gaiztoak ezagutuz.