argia.eus
INPRIMATU
Lur Berrik estrategia guztiz aldatu behar duela salatu du ELB sindikatuak
  • Lur Berri lantokiaren aurrean 70 nekazari bildu dira ELB sindikatuak deitutako kontzentrazioan. Kooperatibaren desbideratzea salatu dute, nazioarteko bihurtzeko estrategiak lekuko ekoizle, kontsumitzaile eta garapen ekonomiko eta sozialean eragin negatiboa izan baitu haien ustez.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko otsailaren 20a
Aiziritzen bildu dira 70 bat nekazari (Argazkia: baserribizia.info)

Aiziritzeko Lur Berrirekin harreman komertzialak dituen Spanghero enpresa zaldi haragiaren eskandaluaren erdian kokatu zutenetik, inguruko nekazarien kexuak areagotu dira. Izan ere, haien beharretatik gero eta urrunago dagoela adierazi dute.

Haragia kanpotik ekartzeak Donapaleuko hiltegiaren itxiera ekarri du ELBk salatu duenez. Halaber, azpimarratu dute ez dela kasu isolatu bat, logika liberalean oinarrituta dagoen sistema komertzial batean oinarritzearen ondorioa baizik. Horregatik, Lur Berriren estrategia aldatzeko eskatu du ELBk, bere funtsezko izaera berreskura dezan.