argia.eus
INPRIMATU
Lur Berri kooperatibaren gainbehera, langile ohi batek urratsez urrats azaldua
Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko otsailaren 21
Lur Berri berriz ere kooperatiba izatea eskatzen duen pankarta (Argazkia: Elsa Fayner, Rue89)

Bacho 1969an sartu zen Lur Berrin, guztira 60 langile zirenean. Orduan, “nekazarien mesedetan lan egiten zuen kooperatiba” zen bere ustez. Baserrietan denbora gehiago igarotzen zuten, aholku teknikoak ematen, eta langile ohiak dio haien arteko giroa gaurkoa baino "hobea" zela.

1977an gauzak okertzen hasi zirela gogoratzen du. Haragia mozteko labana gehiago eskatzeko greba egin zuten langileek. 300 nekazariren laguntzarekin lantegiaren korridoreak oztopatzea lortu zuten. Hala ere, langile bat kaleratu zuten, protesta besteak baino gehiago luzatu zuelako. Bachok azaltzen duenez, lankideei ez zitzaien erabakia gustatu.

Hiru urte beranduago aldaketak izan ziren enpresaren kudeaketa taldean eta Barthélémy Aguerre Lur Berriko zuzendariorde izendatu zuten. Artoa ereiten duen Pioneer multinazionalarekin elkartu zen Behe Nafarroako kooperatiba eta markaren 3.000 hektarea landu zituen Europa osora saldu ahal izateko. Haragia xehatzen duen Arcadie Sud-Ouest enpresaren akziodun ere egin ziren, eta gaur egun saltzen duten haragiaren %60a Alemania eta Poloniatik dator.

Azken urtotan, "bertako nekazariak pixkanaka ahaztu" dituztela salatzen du Bachok, ekoizpena hobetzeko hainbat itun sinatzean. Ondorioz, produktuen kalitatea jaitsi dela eta lan hainbat praktika salatu dituzte hainbat elkartek. Adibidez, 2006an haragi ustela aurkitu zuten Choleteko lantegian.

Amaitzeko, Bachok hala dio: “Teorian nekazariek maneiatzen dute Lur Berri. Hala ere, kooperatibaren hedapenak desjabetu egin ditu. Hiltegiak ixtea eta enpresa berriak eskuratzea ez da bidea, ekoizleen eta kontsumitzaileen artean lotura bilatu behar da egindakoa konpontzeko”.