AEBek Ukrainako gerraren aurrean egindako jarrera aldaketaren barruan, “lur arraroak” deiturikoak negoziaziorako gai nagusi bilakatu dira Volodymyr Zelenskyren eta Donald Trumpen artean. Lehenak nahi du AEBek bere segurtasuna bermatu dezatela Errusiaren aurrean, Ukrainan dauden erreserbak nahi ditu beretzat bigarrenak. Baina ba al dago halakorik herrialde hartan? Narratibak puzturiko “burbuila” baten aurrean gaudela dio zenbait analistak.
Zelensky Washingtonen izango omen da ostiralean “hitzarmen garrantzitsu” bat sinatzeko, Trumpen esanetan. Bisita hori ez dago baieztatuta oraindik, eta informazio eskasarekin abil ari da jokatzen AEBetako presidentea; baina itxura guztien arabera Ukrainako “lur arraroak” daude negoziazioaren erdian.
Etxe Zuriko maizter berriak horrela kobratu nahi die ukrainarrei Errusiaren kontra gerra egiteko emandako dirutza. Trumpek ahoa ireki duen aldiro kopurua handitu du gainera: “Esan diet nahi dudala 500.000 milioi dolarreko baliokidea lur arrarotan”, bota du Fox telebista kateari egindako elkarrizketa batean, otsailaren 11n. Equivalent esan du, negozio gizonen jerga hotz hori nahita erabilita.
Kievek, noski, ukatu egin du eskaria. Eta eskalada dialektikoa hasi da orduan: “Burbuila batean bizi da”, Zelenskyk; “hauteskunderik gabeko diktadorea da”, Trumpek. Azken orduetan bi mandatariek euren diskurtsoa leundu dute, baina Kievek segurtasun bermeak nahi ditu Errusiarekiko, eta Washingtonek jarraitzen du lur arraroekin tematuta. Zenbait analistaren arabera, ordea, “burbuila” bat bilakatzen ari den narratiba baten aurrean gaude.
Ukraina, zerrendatik kanpo
2021ean, gerra aurretik, bere potentzial geologikoa erabili zuen Ukrainak Bruselarekin metal estrategikoen inguruko akordioa sinatzeko. Baina Errusiaren inbasioak ezerezean utzi zuen.
AEBetako Geologia Zerbitzuak, gai horietan erreferentziakoa denak, ez du Ukraina lur arraroak dituzten herrialdeen zerrendan sartuta
Joan den azaroan “Garaipenanaren Plana” aurkezterakoan, Zelenskyk berriz ere erreserba horiek erabili ditu txanpon-truke moduan Mendebaldeko herrialdeen babesa mantentzeko, zehazki lur arraroarenak, “defentsa-sektorearentzat, baina baita energiarentzat eta elektronikarentzat ere, funtsezkoak diren baliabide horien interes estrategikoaz jabetuta”, dio Reporterre-n Estelle Levresse kazetariak.
Baina Javier Blas analistak Bloomberg-en azaldu duenez, ukrainarrek narratibaren kontrola galdu dute: “Ukrainak ez duelako lur arrarorik”. Bere esanetan, AEBetako Geologia Zerbitzuak, gai horietan erreferentziakoa denak, ez du Ukraina lur arraroak dituzten herrialdeen zerrendan sartuta.
Gainera, lur arraroen munduko ekoizpenak urtean 15.000 milioi dolarreko balio duela gogorarazi du Blasek: “Demagun Ukraina, ustekabean, munduko lur arraroen %20 ekoizteko gai dela. Horrek urtean 3.000 milioi dolar suposatuko luke. Trumpen 500.000 milioi dolarretara iristeko 150 urteko ekoizpena beharko lukete. Tontakeria galanta”.
2021ean EBrekin sinaturiko akordioetan ukrainarrek jadanik aitortzen dute euren lur arraroak ustiatzeko baldintza hidrogeologikoak “zailak” direla. Baldintza horiek okertu baino ez dira egin, noski, kontuan edukita “energia sistema egonkorra” behar duten meatzeetako instalazio ugari suntsituta daudela gerraren ondorioz, azaldu dio Levresseri geopolitikan aditua den Olivia Lazardek.
Jantxakurrarena
Orduan, lur arrarorik ez badago, zeren bila dabil Trump? La Vanguardia egunkarian ekonomian espezializaturiko Piergiorgio M. Sandrik, meatzaritza-sektoreko konpainia bateko kide den Arnodus Van de Hurk-ekin hitz egin du: “Ezer gehitzen ez duen joko bat da. Ez badago ezer, Trumpek informazio baliotsua izango du. Baina lur arraroak aurkitzen baditu, ez dizkie besteei utziko”, esan dio.
Alegia, esaerak dioen moduan, jantxakurrarena egiten ari dela: ez jan, ez jaten utzi. Ez da hainbeste baliabide baliotsu batzuk eskuratzea, baizik eta, baleude, besteek ez eskuratzea
Alegia, esaerak dioen moduan, jantxakurrarena egiten ari dela: ez jan, ez jaten utzi. Ez da hainbeste baliabide baliotsu batzuk eskuratzea, baizik eta, baleude, besteek ez eskuratzea. Bistan da teknologia berriekin zerikusia duten halako materialak gatazka globalen erdigunean jarri direla. Txina da gaur egun lur arraroen munduko erreserba eta ustiatze tasa handiena duen herrialdea, askogatik.
Ostiralean, beraz, ikusteke dago zer sinatuko duten edo zer ez Washingtonen. The Guardian-ek aurreratu duenez balizko hitzarmen horretan ez da egongo Ukrainarentzako “segurtasunerako bermerik”. Gerrak oraindik luze joko duen seinale?