argia.eus
INPRIMATU
‘Lumineszenteak’ lanean emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak argitara ekarri dituzte
  • Irantzu Pastor argazkilariak eta Igone Mariezkurrena kazetariak 63 emakumeren bizitza-historiak bildu dituzte izen bereko erakusketa eta liburuan. Egiturazko indarkeriaz gain beste indarkeria ikusezinak jasaten dituztenen testigantzak bildu dituzte Palestinan, Indian, Lakota Nazioan eta Euskal Herrian egindako bidaietan.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 12a
Irantzu Pastorrek eta Igone Mariezkurrenak 2018an hasi zuten proiektu autogestionatua.

Emakumeei buruzko diskurtso homogeneizatzaileak hautsi nahi izan dituzte Lumineszenteak: emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak eta erresilientzia historia zenbait liburuaren eta erakusketaren bidez. ARGIAko bi kolaboratzailek, Irantzu Pastor argazkilariak eta Igone Mariezkurrena kazetariak “su motelean” eta “mimo handiz” ondu dute lana; 2018an hasi zituzten emakumeen historia ikusezinak ezagutu eta jasotzeko bidaiak. Zenbait arrazoirengatik (okupazio militarrak, pobrezia, behartutako lekualdatzeak, genozidioak, arrazakeria…) egiturazko indarkeria testuinguruetan bizi edota hazi diren 63 andreren egunerokoan barneratu dira, Palestinan, Indian, AEBetako Lakota Nazioko indigenen erreserban eta Euskal Herrian bertan. Lau urtez proiektua autogestionatu ostean, emakumeen historia eta gorputz horiek liburu batean argitara atera dituzte, Farmazia Beltza argitaletxearen eskutik.

Proiektuaren bidez egileek ulertu nahi izan dute izenik ez duten bortizkeria formek nola baldintzatzen duten emakumeen bizimodua. Horregatik, testigantzak ez dituzte oinarritu galdera-erantzun bidezko elkarrizketetan, baizik eta protagonisten eguneroko bizipen eta historietan, betiere erretratatutako pertsonen “duintasuna errespetatuta eta umiltasunez jardunda”. Eldiario agerkariari azpimarratu diote helburua ez dela emakumeei “ahotsa ematea”, haiek jada badutelako euren ahots propioa. Ikusezina fokuan jarri nahi izan dute, historioak argitara atera.

Erakusketa

Liburuarekin batera erakusketa batean aurkeztu dute Lumeniszenteak obra; ikusgai jarri dituzte hautatutako 24 emakumeren testigantzen laburpenak eta irudi-sortak. Lehen geldialdia Bilboko Cine Invisible Film Sozialak nazioarteko zine jaialdian egin zuen, urrian. Handik beste herri batzuetara zabaltzeko asmoa dute.

Bilboko 'Cine Invisible Film Sozialak' nazioarteko zine jaialdian aurkeztu zuten erakusketa.