argia.eus
INPRIMATU
Lukaxenkok berean segitzen duelako, greba mugagabea abiatu dute Bielorrusian
  • Aleksandr Lukaxenko presidenteari hiru eskaera dituzte luzaturik: boteretik alde egitea, indarkeria gelditzea eta preso politikoak askatzea. Agorrilaz geroztik dabiltza aldarrikapen hauek entzunarazten. Berriro ere errepresio bidez erantzun dio gobernuak oposizioari.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 27a

Herritar presioa ez doa ttipituz Bielorrusian eta aldi honetan greba mugagabeari lotu dira Aleksandr Lukaxenko presidentearen aurkariak. Grebari lotu dira, Lukaxenkok entzungor egin diolako oposizioaren ultimatumari. Behin eta berriz luzaturiko hiru eskaera lortu arte mobilizaturik segitzeko gogoz lotu ziren borroka bide berriari atzo, urriaren 26an. Horra zein dituzten aldarriak: Lukaxenkok boteretik alde egitea, indarkeria gelditzea eta preso politikoak askatzea. "Helburua da erakustea inork ez duela erregimenarentzat lanik egiten"  Svetlana Tikhanovskaia oposizioko buruaren hitzetan.

Irakaskuntzan, industrian, zerbitzuetan ala beste, hainbat sektoretan segitua izan da grebarako deia. Berriro ere indarrez erantzuten ari da gobernua eta 500 bat lagun atxilotu dituzte grebaren lehen egunean, Barne ministerioak Sputniknews komunikabideari zehaztu dionaz.

Aleksandra Isaeva gobernuko bozeramailearen hitzetan, "normaltasuna izan zen nagusi". Agorrilaren 9ko hauteskundeez geroztik protesta sozial eta politikoa martxan da Bielorrusian, aldarriak argi, errepresioari aurre eginez gainera. 100.000 herritar karrikara atera ziren igandean, hamaikagarren mobilizazio eguna kari. 1994az geroztik boterean da Lukaxenko eta haren demisioa exijitzen dabiltza oposiziokoak.

Europako Batasunak grebaren lehen egunean adierazi zuen greba egitea "oinarrizko eskubidea" dela, eta Lukaxenkori eskatu zion ekinbide hori "errespetatzeko". Ez da lehen aldia Europako Batasuna oposizioko mugimenduaren alde agertzen dela. Hala nola, Bielorrusiako presidentea zigortzearen alde agertu zen urriaren 13an.