argia.eus
INPRIMATU
Luisa Gonzalez izan da bozkatuena Ekuadorren, gatazka nagusitu den hauteskundeetako lehen itzulian
  • Abuztuaren 20an izan da hauteskundeen lehen itzulia Ekuadorren, eta bigarrena urriaren 15ean izango da. Bozken %33,13 lortuta nagusitu da Luisa Gonzalez, eta bigarrena, berriz, Daniel Noboa izan da bozken %23,94rekin. Hauteskundeetarako astebete falta zela hil zuten Fernando Villavicencio lehendakaritzarako hautagaia.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko abuztuaren 21
Hauteskundeetako tentsioa erakusten duen irudia Hauteskundeetako tentsioa erakusten duen irudia

Hauteskundeen lehen itzulia egin dute Ekuadorren abuztuaren 20an, eta Revolución Ciudadana alderdiko Luisa Gonzalez izan da bozkatuena %33,13rekin. Bigarren bozkatuena Daneil Noboa izan da, Acción Democrática Nacional alderdiko hautagaia, bozken %23,94 lortuta. Fernando Villavicencio ordezkatu duen Christian Zurita hirugarren geratu da %16,47rekin.

Biztanleen %82,26ak erabaki du botoa ematea, 13,4 milioi pertsonek. Hauteskundeetako Batzorde Nazionaleko lehendakari Diana Atamaintek argitu du inoizko parte-hartzerik “handiena” izan dela lehen itzulikoa, eta eskerrak eman dizkie bozka eman duten guztiei. Bigarren itzulia urriaren 15ean izango da.

Gatazka

Fernando Villavicencio Movimiento Concertación alderdiko lehendakari hautagaia hil zuten abuztuaren 9an. Hauteskunde kanpaina bete-betean sartuta zeuden alderdia eta Villavicenciok eta bere alderdiak mitin bat eman zuten herrialdeko hiriburuan, Quiton. Bertatik atera eta autoan sartzen ari zela tiroz hil zuten.

Aipatu hilketak zalaparta eragin du hauteskundeen azken egunetan eta alderdi guztiak behartuak ikusi dira neurriak hartzera. Mitin politikoak segurtasunez egin behar izan dituzte, hala nola balen aurkako txalekoak jantzi eta poliziaren presentzia handitu behar izan dute. Hauteskundetan ere presentzia polizial eta militarra oso handia izan da, guztira 90.000 agente mobilizatu dituelarik gobernuak. Atamaintek eskerrak eman dizkie agenteei eta “ez dlea ezbeharrik egon” azpimarratu du.

Ez da lehen aldia hautagaiak hiltzen dituztela Ekuadorren, izan ere, 1978an Abdón Calderón hil zuten Frente Radical Alfarista alderdikoa. Hego Ameriketan ere beste hainbat adibide jar daitezke, batez ere Kolonbian; Jaime Pardo, 1987an, esaterako.

20minutos hedabideak argitaratu du hilketen datuek gora egin dutela azken urteetan. Iaz 25,32 hilketa gertatu ziren 100.000 biztanleko, inoizko daturik altuena hain zuzen.