argia.eus
INPRIMATU
Luis Roncero eta Anartz Aranbarri iheslari ohiak Euskal Herrira bueltatu dira
  • Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Luis Elisardo Roncero Retortillo gasteiztarra eta Anartz Aranbarri Etxaniz ondarrutarra Euskal Herrira itzuli dira. Biak euskal gatazkak eragindako iheslari ohiak dira. 

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko otsailaren 23a
LABek Iruñean deportatu eta iheslariak Euskal Herriratzearen alde egindako mobilizazio bat. (Arg.: LAB) Argazkia: LAB

Luis Elisardo Roncero joan zen urtarrilean itzuli zen Gasteizera eta Anartz Aranbarri asteartean geratu zen aske, Venezuelatik iritsi eta Espainiako Auzitegi Nazionaletik pasatu ondoren. Epaiketaren zain gelditu da Anartz Aranbarri eta astean behin sinatzera joan beharko da Auzitegi Nazionalera.

Miarritzeko Adierazpenaren bidez, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 2013an ireki zituen ateak euskal gatazka dela-eta ihes egindako edo deportazioa jasandako iheslariak itzuli ahal zitezen Euskal Herrira. Lehenago ere itzuli izan dira iheslariak apurka, baina harrez gero bereziki urtero hainbat itzultzen dira.

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, hala ere, une honetan oraindik hamazortzi erbesteratu eta bost euskal deportatu daude Euskal Herrira itzuli gabe.

40 urte Euskal Herritik kanpo

Euskal gatazkaren ondorioz, joan den mendeko 80ko hamarkadan, Espainiaren eta Frantziaren akordioen ondorioz, euskal talde armatuetako 70 pertsonatik gora Frantziatik munduko hainbat lekutara kanporatu zituzten, Afrika eta Hego Amerikako herrialdeetara. Ondorengo hamarkadetan ere, beste dozenaka militantek ihesi egin zuen –gehienak ETAkoak– poliziak jazarrita, errepresioaren beldur edo ETAk berak gomendatuta, Frantzian babesteko zailtasunak handitu ahala.

2021eko Larrun honetan, hainbat deportatuk 2000ko hamarkadatik aurrera ia isilean egon den errealitatea landu zuen luze eta sakon Zigor Olabarriak.