argia.eus
INPRIMATU
Luis Otamendi bertsolaria hil da
  •  Luis Otamendi Aiako bertsolaria hil da. Azken agurra Zarauzko beilatokian egingo zaio urtarrilaren 4an, goizeko 10:00etan.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2021eko urtarrilaren 04a

Bertsozale Elkartearen datu-basean aurkitutako datuekin eta Bertsolari aldizkariaren 35. zenbakian argitaratu zen artikulukoekin osatu dugu biografia:

Aiako Urdaneta auzo bertsozaleko Indargarate baserrian jaio zen 1947an eta behiak jeizten zituela egiten zuen bertsotan anaiarekin batera. 24 urte zituela jaiotetxe atariko pagoa hego-haize zakar batek bota zuen eta anaiaren aholkuari jarraituz, dozena bat bertso jarri zizkion gertaera hari. Zarauzko Patxi Barberoren bizartegira joan zen batean, bertso horien berri aipatu zion, eta Patxik Basarriri eman zizkion bertsoak, eta azkenean honek "Nere Bordatxotik" atalean argitaratu zituen.

Aian lau bertsolarik osatu zuten tarteka bildu eta kantatzeko bertso koadrila: Martin Rezabal Olaso, Nikolas Zendoia, Joxe Mari Lertxundi eta Luis Otamendik.

Lehen plaza Ordizian egin zuen, 1972an. Geroztik urte askoan hartu zuen parte sariketa eta txapelketetan, besteak beste: Gabiriako Osinalde eta Zaldibiko Artxanberri sariketak irabazitakoa zituen eta kantatu zuen 1982ko Euskal Herriko Txapelketan, 1986ko Euskal Herrikoan (finalerdietan), 1989ko Euskal Herrikoan (finalerdietan), 1991ko Gipuzkoako Txapelketan, 1995eko Gipuzkoako Txapelketan, eta 1999ko Gipuzkoako Herri Arteko Txapelketan.

Bitxikeria modura, Orixe sariketara entzule modura joan zen batean, bertsolari batek huts egin zuelako oholtzara igoarazi zuten eta txapela buruan itzuli zen etxera.

2009an Zarauzko Gaztetxean

Iñaki Gurrutxagak Orioko Karkara herri aldizkarian kontatu du 2009an elkarrekin prestatu zutela bakoitzak bere txapelketa: "Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa prestatzeko elkartzen ginen Iñigo Manzisidor Mantxi, Uxue Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi eta laurok, eta egun batean han azaldu zitzaigun Luis, urte asko zeramatzala plazaz plaza jardun gabe, baina deitu ziotela Zarauzko Putzuzulokoek Kopla Txapelketan kantatzeko, eta galdetu zigun ea gurekin entrenatzerik bazuen. Eta hantxe ibili zen gurekin".

2011n Usurbilen Udarregi sarian hartu zuen parte.

Hemen ikus daitezke bere bat-bateko bertsoak.