77 urte zituela hil da Luis Mari Mujika Urdangarin (Lizartza, Gipuzkoa, 1939–Donostia, 2017). Hitz batez definitzeko: idazlea. Ia genero guztiak landu zituen: narrazioa, nobela, saiakera, poesia, bidaia liburua…
Idazleaz gain, hizkuntzaren langile porrokatua izan da. Egan aldizkariaren zuzendaria oraintsu arte –Gillermo Etxeberriarekin batera–. Euskaltzain urgazlea, bereziki ezagutua toponimiari buruzko lanak direla eta.
Filologia ikasketak egin zituen eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izan zen. Ezagutu dutenen definizioa: “Langilea, langile porrokatua”.
Poesia izan zen bere lehen lan argitaratua: Bide giroak (Sendoa, 1963), artean gaztea zelarik. Zortzi poesia liburua gehiago izkiriatu zituen hala ere, azkena, Mirakontxako solasak (Hiria, 2002). Zortzi saiakera liburu bestalde, gai ugariak tarteko: ekonomia, poesia, narrazioa, toponimia…
Nobelak ere, ez gutxi: sei. Azkena Memoria galduak (Hiria, 2000). Loitzu herrian uda partean (Erein, 1993) plazaratu zen nobelagile gisa. Beren nobelek nola edo halako oihartzuna jaso zuten, hasierakoek bereziki.
Idazle saritua izan zen. Lehiaketa bidez sari gehien jasotako idazleetako bat. Egiari zor, ez kritikak ez publikoak ez zioten sarien adinako errekonozimendurik aitortu.