argia.eus
INPRIMATU
Luis Iriondo hil da 100 urterekin, Gernikako bonbardaketako azken lekukoetako bat
  • Astelehenean hil da, Gernikan, udaleko iturriek baieztatu dutenez. 14 urte zituen bere herria bonbardatu zutenean, eta aterpe batean babestu behar izan zuen. El chico de Guernica liburuan kontatu zuen bizitakoa.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 26a
Gernikako Udalak omenaldia egin zion 100. urtebetetzean, irailaren 3an. / Argazkia: Santos Cirilo, Ctxt.

Luis Iriondo hil da, 100 urte bete eta hiru astera, irailaren 26an. Gernikako Udaleko iturriek baieztatu dute heriotza; hain zuzen, udalak omenaldia egin zion Iriondori bere ehungarren urtemugan. Gernikako bonbardaketaren azken lekukoetako bat galdu du herriak.

1937ko apirilaren 26an 14 urteko mutiko bat zen Iriondo, eta hegazkinen bonbetatik salbatzeko aterpe batean babestu zen. El chico de Guernica (2011) liburuan bildu zituen orduko memoriak, eta oroimen historikoaren alde beste hainbat lan eta ekintza egindakoa zen. ARGIAk artikulu honetan bildu zituen Luis Iriondoren memoriako pasarte batzuk, eta honela zioten:

“Gerraren berri hondartzan izan nuen lehen aldiz. Hori gertatu eta denbora gutxira jakin genuen Gernikatik hurbil zeuden herri batzuk bonbardatu zituztela, besteak beste, Durango. Horrek eragina izan zuen herritarrengan, berehala, badaezpada, babeslekuak eraikitzen hasi ziren. Denon ahotan zegoen. Apirilaren 25ean, esaterako, nire lagun Ciprik esan zidan bazuela babeslekua bonbardaketa baterako prestatua, eta gertatzen bazen korrika hara joateko”.

Gainera, Iriondo Gernikako Kultur Etxeko pintura eta marrazki eskolako arduradun izan zen 55 urtez, eta herrian oso ezaguna zen.

Gernikako bondardaketaren Alberto Rojoren dokumental honetan ere entzun daitezke Iriondoren lekukotzak, besteren artean: Gernika, bonbardaketa.