argia.eus
INPRIMATU
Luis de Pablo konpositorea hil da
  • Urriaren 10ean Madrilen hil da Luis de Pablo konpositorea. 1930ean Bilbon jaioa, abangoardiako musika egin du 200dik gora obratan eta 20tik gora filmeri soinua jarritakoa da. Musika elektro-akustikoko laborategia sortu zuen 1964an, lehena Espainiako estatuan. Musika herrikoi, elektroniko zein esperimentaletik edaten zuen.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 11

91 urterekin hil da de Pablo, baina bere musika laster entzungo da taula gainean. Izan ere, otsailean estreinatuko dute bere El abrecartas opera. Haren lanari aitortza egin dioten hamaika sari jasotakoa da: azkenetakoa iaz, Veneziako Musika Bienalean eman zioten urrezko lehoia. Irakasle ere aritu zen munduan barna unibertsitateetan: New York, Kanada, Alemanian...

Euskal Herriarekin lotutako lanik ere utzi du: besteak beste, 2019an Euskadiko Orkestrak estreinatu zuen La caída de Bilbao kantata, zeinak kontatzen duen frankistek Bilbo hartu zutenekoa. Beste pasarte berezi bat, Artze anaiek jotako txalaparta oinarri hartuta 1976an Alemanian, Bonneko Beethovenhalle kontzertu aretoan Zurezko olerkia obra aurkeztu zuenekoa izan zen.