argia.eus
INPRIMATU
Luis Ángel Garrido epaileak barkamena eskatu du
  • Bere “zorigaiztoko” adierazpenek osasun arloko profesionalen artean “atsekabea” sortu dutela esan du EAEko Auzitegi Nagusiko epaileak. Epidemiologoak “ikastaro bat egin duten familia medikuak” direla adierazi zuen iragan astean.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 15
Argazkia: eitb.eus

“Barkamena eskatu nahi dut. Ulertzen dut epidemiologoak minduta sentitzea zorigaiztoko adierazpen batzuengatik”. Radio Popularren astelehenero duen espazio berdinean eskatu du barkamena Garridok iragan asteko bere adierazpenengatik. Adierazpenak ez direla bere pentsamenduaren adierazgarri esan du, eta osasun profesionalek “lan garrantzitsua” egiten ari direla Covid-19aren aurka. Onartu du bere hitzek osasun profesionalean artean “atsekabea” sortu zutela eta “iraintzat” hartu zituztela.

Iragan astean Radio Popular irratian egin zituen adierazpenek polemika handia piztu zuten. COVID-19aren aurka ezarritako murrizketen aurka egin zuen epaileak, eta epidemiologoen lana eta jakintza zalantzan jarri zituen: “Epidemiologia ez dago dirudien bezain aurreratua. Adibide bat jarriko dugu: demagun Bizkaian% 02 igotzen direla sexu-transmisiozko gaixotasunak. Eta ni, inguruko epidemiologo handia, iritsi eta esaten dut: 'Oso erraza. Gera zaitezte bi urtez sexu-harremanik gabe eta behera egingo du. Horrekin ez dut balio erantsirik gehitzen”. Epidemiologoen formakuntzaz egin zituen adierazpenek osasun arloko profesionalen haserrea piztu zuten: “Ikastaro bat egin duten familia medikuak dira”. Hurrengo egunean, epaileak onartu egin zuen ostalaritza elkarteek Eusko Jaurlaritzaren neurrien aurka jarritako helegitea, 500eko intzidentzia-tasa metatua dauden herrietako tabernen irekiera baimenduz.