argia.eus
INPRIMATU
Luhusoko epaiaren kontrako helegiterik ez du jarri fiskaltzak: bakegileek ez dute zigorrik jasoko
  • Frantziako Ministerio Publikoak hamar egun zituen Parisko auzitegiak harturiko erabakiari helegitea jartzeko, baina ez du halakorik egin. Hortaz, ETAren armagabetzean lagundu zuten Beatrice Molle eta Jean Nöel Etcheverry Txetx bakegileek ez dute zigorrik jasoko, epaimahaiak "errudun" jo bazituen ere.

ARGIA @argia 2024ko maiatzaren 29a
Beatrice Molle eta Jean Nöel Etcheverryren kontrako epaiketan, Parisko auzitegiarne atarian. Argazkia: Bake Bideak

Maiatzaren 16an Luhusoko auziaren inguruko epaia eman zuen Parisko Zigor Auzitegiak, eta Jean Nöel Etcheverry eta Beatrice Molle errudun jo bazituen ere, ez zuen zigorrik agindu haientzat.

Bake Bideak azaldu zuen "erne" egongo zirela, Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak helegitea jarrriko ote zuen, baina legezko hamar egunak igarota, epaia irmoa da jadanik eta bakegileek ez dute zigorrik izango.

ETAren armagabetzean laguntzeagatik epaitu zituzten Molle eta Etcheverry, eta auzian bai auzipetuek zein lekukoek ere, agerian utzi dute "bake prozesua bultzatzea" zutela helburu, Mixel Berhokoirigoin, Michel Tubiana eta Mixel Bergougnanekin batera 2016an egindako Luhusoko armak suntsitzeko ekintzarekin.

Bi auzipetuek herritar eta arduradun poltiko askoren babesa izan dute, eta besteak beste, 5.000 lagunek agiria sinatu zuten haien alde. "Epaitu beharrean, bakegileek gure aitortza merezi dute", esan zuen abokatu lanetan aritutako Jean François Blancok auzian zehar.

Nolanahi ere, auzia amaitu den arren, Bake Bideak mugimenduaren ustez bake "justu eta iraunkor" baten markoan kokatzeko oraindik beharrezkoak dira agintari politikoen eta gizarte zibilaren "inplikazioa".