argia.eus
INPRIMATU
Luhusoko auziperatuen errugabetzea eskatzeko kanpaina aurkeztu dute
Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko urtarrilaren 18a
Bake Bidea-k urtarrilaren 18an egindako prentsaurrekoa (Argazkia: Euskal Irratiak)

Apirilaren 2an eta 3an iraganen da Beatrice Molle-Haran eta Txetx Jean-Noël Etcheverry "bake artisauen" epaiketa Pariseko Auzitegi Korrekzionalean. 2016ko abenduaren 16an Luhuson buruturiko ETAren armagabetze zibilaren harira epaituko dituzte, "ETA erakunde terroristarekin harremanetan, armak, munizioak eta lehergaiak erabili, eraman eta atxikitzeagatik". Bost lagun atxilotu zituzten orduan, baina, Etxe Stephane Etchegaray epaiketatik kanpo uztea erabaki zuen epaileak eta 2016az geroztik zendu dira ekintzan egon ziren Mixel Bergouignan eta Mixel Berhokoirigoin. Auziperatuen "errugabetze argia eta sinplea" galdetzeko kanpainaren berri eman dute ostegun goiz honetan Baionan egindako prentsaurrekoan.

Auziperatuak oroitarazi nahi izan dute ETAren armagabetzean aitzina eginez "[Frantziako zein Espainiako] autoritateek azken bost urteetan erakutsi inertziari bukaera ematea" zutela xede. Hain zuzen, 2011ko Aieteko Adierazpenetik hiru egunetara, ETAk plazaratu zuen borroka armatua behin betikoz uzteko erabakia, baina parean, errepresioaren bidetik segitzen zuten estatuek, konponketarako urratsak zapuztuz eta oztopatuz. Ondotik, 2017ko apirilaren 8an, 20.000 lagun batu ziren Baionan, erakunde armatuak armak euskal jendarte zibilaren esku utzi zituen egunean, eta 2018ko maiatzaren 3an bere desegitearen berri eman zuen ofizialki ETAk. "Leporatzen diguten dena asumitzen dugu, baina errugabetzeko eskatuko dugu. Berriz eginen genuke behar izango balitz. Bi estatuek egin beharko zutena egin genuen", adierazi du Txetx Etcheverryk.

Gatazkaren konponketaren eta bakearen bidean "oraindik asko egiteko" dagoela erranik, auziperatuen errugabetzea galdetzeko dinamika abiatu dute: "Errugabetze argi eta sinplea eskatzen dugu. Euskal herriak denbora luzeegian ezagutu duen konfrontazio armatu baten ondorioak elkarrekin konpontzeko seinale bezala eta bere Historiaren orri berri bat irekitzeko borondate bateratu bezala ulertuko litzateke errugabetzea".

Lehen 100 sostengatzaileak

Eskaera hori dakarren izenpedura bilketa abiatu du Bake Bideak, eta lehen ehun izenpetzaileen izenak jakinarazi dituzte Baionako prentsaurrekoan. Nazioartetik Euskal Herrira, kulturatik sindikalismora, zabala bezain anitza da zerrenda. Lehen ehun sostengatzaileen zerrenda lotura honetan.